Ipuruako senior eta oinarri jubeniletako taldeak Espainiako Kopako hamar onenen artean

Bihar Euskadiko Taldekako Txapelketa jokatuko da Leioan
Ipuruako senior eta oinarri jubeniletako taldeak Espainiako Kopako hamar onenen artean
2024/05/23 11:14
eta kitto!

Ohiko martxari jarraitzen diote Ipurua gimnasia taldekoek, emaitza paregabeak eskuratuz. Horrela, Nahia Arguiz, Indira del Pino, Maialen Apraiz, Naroa Alonso eta Haizeder Arguizek osatutako senior mailako boskotea 7. postuan sailkatu zen Santanderren jokatutako Espainiako Kopako 1. fasean. Ez zen makalagoa izan oinarri jubenil mailako taldeak bertan lortutakoa, 67 talderen artean seigarren postuan sailkatu zelako June Araujo, Elene Ramirez, Emile Zamakola, Nahia San Martin eta Elene Lazpitak osatutako boskotea.

Asteburu honi begira, bihar Euskadiko Taldekako Txapelketa jokatuko da Leioan. Bertan Nahia eta Haizeder Arguizek Espainiako txapelketara sailkatzeko helburuarekin izango dira, eta senior absolutuko taldeak Espainiako Kopako 2. faserako txartela lortzeko lehiatuko du. Etzi, bestalde, jubenil eta senior mailetako Euskadiko Amateur Txapelketa izango da jokoan Durangon; Ipurua klubak amateur guztiak sailkatzea lortu zuen lehiaketa horretarako (bost talde eta banakako 18 gimnasta).