Ipuruako senior taldea bigarren izan zen gimnasia erritmikako San Andres Torneoan

500 gimnasta inguru elkartu ziren Ipurua kiroldegian
Ipuruako senior taldea bigarren izan zen gimnasia erritmikako San Andres Torneoan
2024/10/30 13:15
eta kitto!

Ia 500 gimnasta bildu ziren aurreko domekan Ipurua kiroldegian, Ipurua klubak antolatutako 24. San Andres txapelketaren barruan. Zortzi ordu luzez aritu ziren bait taldeka zein bakarka, norberak denboraldian landu dituen ariketak erakusten. Lehia bizia izan zen; erakutsitako maila bikaina horren lekuko.

Emaitzei dagokienez, Eibarko senior taldeak (Nahia eta Haizeder Arguiz, Naroa Alonso, Maialen Apraiz eta Indira del Pino) zilarra lortu zuen. Aurten landu duten koreografia “The hunger games” sagan oinarrituta dago: zailtasun haundiko konposizioa da, hiru zinta eta bi uztaiekin, erritmo bizian egiten baitituzte aparatu aldaketak eta jaurtiketak. Domekan 26,400 puntu lortu zituzten eta bigarrenak izan ziren podiumean, Tolosaren atzetik eta Valladolideko La Victoria kirol elkartearen aurretik.

 

Jubenilen maila ona

Ipuruako Oinarri Jubenil taldeak 5. tokia lortu zuen, irabazlearekiko 1,600 puntuko aldearekin; lehia estua izan zen, beraz, oinarrizko nagusien mailan. Ipuruako jubenilak (June Araujo, Emile Zamakola, Nidia Olasolo, Itxaso Urkiola eta Leire Sanchez) hilabetea daramate bakarrik elkarrekin lanean eta, errodaje fasean egon arren, oso maila ona erakusten ari dira bai koordinazioari dagokionez baita ariketaren urrats ezberdinak gainditzeko orduan ere.

 

Infantilak sendo

Ipuruako Oinarri infantil taldeak ere lan sendoa erakutsi zuen Ipuruako pista nagusian. Uxue Astarloa, Maren Jainaga, Nora Eizagirre, Maddi Arrazola, Noa Larrañaga eta Maddi Lanas dira aurten estatu mailako kategorian estreinekoz lehiatuko duen boskotea. Infantilek bost pilota erabiltzen dituzte euren montajean eta torneoz torneo gorantza doaz, akats gutxiago eta zailtasunak hobeto gaindituz: orain arteko notarik altuena lortu zuten 20,450 puntu.

 

Sailkapen orokorra

Sailkapen orokorrari dagokionez, Oinarri jubenil kategorian urrea Tolosarentzat izan zen, zilarra Belabietarentzat eta brontzea Valladolideko la Victoriarentzat. Oinarri infantil mailan Vallecas, La Victoriak eta Boecillok osatu zuten podiuma, eta kadeteetan Tolosa P, Tolosa H eta Donostik. Lehenengo kategorian Donosti, Kanaria Handiko Daisan eta Zaragozako Esther Dominguez taldea izan ziren hiru onenak. Bakarkako saioari dagokienez, Maddi Teran eibartarraren lana azpimarragarria izan da: sailkapen orokorrean 9. izan bazen ere, Oinarri Koparako sailkapena lortzeko aukera duela erakutsi zuen.

 

Euskalgym lehiaketan

Ipurua klubeko gimnastek Euskalgym lehiaketan izango dira aste honetako barixakua eta domeka  bitartean. Senior taldeak, gainera, Galan parte hartuko du zapatu arratsaldean.