Ipuruako seniorrek Euskadiko txapela jantzi dute beste behin

Nahia eta Haizeder Arguiz, Naroa Alonso, Indira del Pino eta Maialen Apraizek osatutako boskoteak puntuaziorik onena lortu zuen
Ipuruako seniorrek Euskadiko txapela jantzi dute beste behin
2024/11/13 11:03
eta kitto!

Gasteizeko San Andres kiroldegian aurreko domekan jokatutako Euskadiko Txapelketan, Nahia eta Haizeder Arguiz, Naroa Alonso, Indira del Pino eta Maialen Apraizek osatutako boskoteak puntuaziorik onena lortu zuen bi errotazioen ondoren, bigarrenari bi puntu eta erdi atereaz. Urrezko horrek indar berezia emango die hemendik hilabete batera jokatuko den Espainiako Txapelketari begira. Bakarkakoetan ere Maddi Teran eibartarra Espainiako Koparako sailkatu zen, bosgarren geratu ondoren.

Baina ez zen domekakoa Ipuruakoek zuten erronka bakarra izan, bezperan Gipuzkoako Txapelketa jokatu baitzen Azpeitian. Bertako emaitzak ere ez ziren gutxiagorako izan: Ipuruako oinarri infantil mailakoek urrezkoa jaso zuten, eta seniorren eta oinarri jubenilen taldeek zilarrezkoa irabazi zuten, ahaztu barik Maddi Teranek irabazitako txapela oinarri jubeniletako bakarkakoan.