Irailaren 1ean emango ahal izango da izena Munduko Emakumeen Literatura saioetan eta Jabetze Eskolan

Irailaren 1ean emango ahal izango da izena Munduko Emakumeen Literatura saioetan eta Jabetze Eskolan
2023/07/17 12:33
eta kitto!
Andretxean hasi dira hurrengo ikasturtea prestatzen eta gaur jakinarazi dute irailaren 1etik aurrera eman ahal izango dela izena Munduko Emakumeen Literatura saioetan eta Emakumeen Jabetze Eskolan.

 

Italiako emakumeak protagonista

Italiako emakumeen literatura izango da protagonista aurten Munduko Emakumeen Literatura saioetan. Querrelle delles femmes-en manifestuetatik hasi eta gaur egunera arte, emakume italiarren bizitzan eta literaturan eragin handiena izan duten une historikoak zeharkatuz. Bestalde, sarrera geografiko eta soziologiko bat egingo da, testuak testuinguruaren arabera aztertzen laguntzeko.

Saioak emakumeei zuzenduta egongo dira, Ainhoa Aldazabal Gallastegik gidatuta, eta hilean behin egingo dira, 17:30tik 19:30era, Andretxeko Maistrak gelan, data hauetan: 2023ko urriak 4, azaroak 8, abenduak 20 eta 2024ko urtarrilak 17, otsailak 21, martxoak 20, apirilak 24 eta maiatzak 22.

Saio hauetan izena emateko aurrematrikula egin beharko da 2023ko irailaren 1etik 22ra (biak barne), Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri egongo den formulario bat betez (Andretxean eta Pegoran ere, formularioak bete ahal izango dira).

 

Eskaintza zabalagoa Jabetze Eskolan

Errealitatea ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik hausnartzeko, eztabaidatzeko eta aztertzeko topalekua izango da Emakumeen Jabetze Eskola. Estrategia eta aliantza feministak sortzeko eta indartzeko gunea da, non ikastaro eta tailer desberdinetatik maila pertsonalean eta kolektiboan indartzeko prozesuak bultzatuko diren.

Udazken honetan eskainiko diren ikastaro eta tailerren eskaintza nabarmen zabaldu dela diote ekimenaren antolatzaileek, eta hauek izango dira hain zuzen ere:

-Inguruko landareak ezagutu eta erabiliz gure mundua handitzen (EUS eta GAZ)

-Sasoiko sukaldaritza: Zer egin dezaket udazkeneko nire barazki saskiarekin? (GAZ)

-Autodefentsa feminista:



    • Belaunaldien arteko autodefentsa feminista (7-9 urte eta 10-13 urte bitartekoentzak, 18 urtetik gorako emakume batek lagunduta) (EUS)

    • 14- 18 urte bitartekoentzat (EUS)

    • 18 urtetik gorakoentzat (GAZ)



-Autozaintza emozionala (GAZ)

-Bizitzarako Mindfulness (EUS eta GAZ)

-Lurretik Zaindu (GAZ)

-Ziklikoki bizi taldean (EUS)

-Amatasuna eta ahalduntzea (GAZ)

-Osasuna Plazerra badelako, elikadura osasuntsuaz gozatu (EUS).

Aurrematrikulak irailaren 1etik irailaren 30era egin ahal izango dira (biak barne), Udalaren eta Andretxearen webguneetan eskuragarri egongo den formulario bat betez (Andretxean eta Pegoran ere, formularioak bete ahal izango dira).