Irailaren 1etik 25era zabalik egongo da Udal Euskaltegian 2026-2027 ikasturterako matrikula egiteko epea
Eibarko Udal Euskaltegian irailaren 1etik 25era egongo da zabalik 2026-2027 ikasturterako matrikula egiteko epea. Maila guztiak eskainiko dituzte, A1etik C2ra, eta ikasleek goizez, eguerdian zein arratsalde-gauean aritzeko aukera izango dute. Txandaka aritzeko aukera ere eskainiko dute.
Ikastaroak aurrez aurrekoak zein autoikaskuntzakoak izango dira, eta HABEren titulu ofizialak ateratzeko aukera ere egongo da, deialdi itxian.
Matrikulan %50eko deskontua izango dute langabeek, ikasleek, gurasoek, merkatariek eta ostalariek, enplegatuek eta 65 urtetik gorakoek. Horrez gain, Euskara Bonoa ere eskatu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza berria; baldintzei buruzko informazioa Udal Euskaltegian bertan eskatu beharko da.
Ikasturte amaieran, gainera, ordaindutako matrikularen zenbatekoa berreskuratzeko aukera egongo da, ezarritako baldintzak betez gero.
HABEren azterketak
HABEren azterketetarako matrikula egiteko epea irailaren 7tik 13ra egongo da zabalik.
Informazio gehiago jasotzeko edo matrikula egiteko, interesdunak Udal Euskaltegira joan daitezke, Bista Eder kaleko 10. zenbakian (Portalea), 2. solairuan. Bulegoa 08:00etatik 14:30era eta 16:30etik 19:00etara egongo da zabalik.
Telefonoak: 943 700 912 / 688 698 566.