Irailaren 27an Untzagan ospatuko den ...eta kitto! Jaia aurkeztu dute
Gaur arratsaldean aurkeztu dute …eta kitto! Jaia Anartz Mitxelena eta Ekaitz Juaristi ...eta kitto! Euskara Elkarteko zuzendaritzakideek. Gogora ekarri dutenez, “lehen Sagardo Eguna zena ...eta kitto! Jaia bihurtu genuen iaz, euskara elkartearen gizarteratze kanpainarekin bat egiteko”. …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik egiten den jaiak 30 urte beteko ditu aurten eta, antolatzaileek azpimarratu dutenez, “inoiz baino lehenago ospatuko dugu, gainera”.
Irailaren 27an izango da …eta kitto! Jaia, Untzagan, eta azken urteetan bezala, goiz eta arratsaldeko saioetan banatuko da: 12:00etatik 15:00etara eta 18:30etik 20:00etara. Eta, jaia musikarekin girotzeko, Latuna Bando txarangakoak arituko dira. Adierazi dutenez “jai egun euskalduna elkarrekin gozatuko dugu, …eta kitto! Euskara Elkartearen eskutik. Aurten gure herriko komunitate euskaltzalea izango da protagonista nagusia. Gogoratu! Irailaren 27an, Untzaga plazan euskaraz dastatu, euskaraz gozatu!”.