Irati Lasa, Itzulia: "Itzuliaren atzean ikusten ez den lan handia dago"

Euskal Herriko Itzulia bihar, apirilak 10, iritsiko da Eibarrera, ohiko Eibar-Eibar etaparekin, edizioko saiorik gogorrenetako batean. Irati Lasa eibartarrak barrutik bizi du lasterketa, bost urte baitaramatza antolakuntzan lanean. Bulego iraunkorrean aritzen da, akreditazioak eta informazioa kudeatzen, eta familiatik jasotako loturari esker iritsi zen Itzuliara.
2026/04/09 12:33
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Euskal Herriko Itzulia bihar, apirilak 10, iritsiko da Eibarrera, ohiko Eibar-Eibar etaparekin. Edizioko saiorik gogorrenetako bat izango da, ibilbide menditsu eta zorrotzarekin. Barrutik bizi du lasterketa Irati Lasa eibartar gazteak, Ainhize bikiarekin eta bere aita Armandorekin batera. Bost urte daramatza antolakuntzan, bulego iraunkorrean. Familiatik jasotako loturari esker iritsi zen Itzuliara, eta egun, ilusioz eta arduraz bizi du txirrindularitzako hitzordu handienetako bat.

Zer moduz zaude Irati? Gogotsu?
Bai, oso gogotsu! Gainera, ohikoa ez den moduan, eguraldi oso ona egiten ari da. Dena oso ondo doa eta oso pozik gaude.

Noiz eta nola hasi zinen Itzulian lanean?
Nire aita duela 30 urte inguru hasi zen Itzulian lanean. Pandemiaren ondoren, 2021ean, antolakuntzan jende gehiago behar zuten, plantila ia bikoiztu egin behar izan zelako. Orduan, aitak aukera eskaini zidan; une hartan libre nengoen, eta horrela hasi nintzen. Ordutik, bost urte daramatzat hemen, eta oso gustura nago. Hasieran aitari laguntzen hasi nintzen bulego iraunkorrean, eta gaur egun ere bertan egiten dut lan, nahiz eta hainbat zereginetan aritu izan naizen. Lantaldean giro oso ona dago, familia giroa, eta hori asko nabaritzen da.

Zer da zehazki bulego iraunkorreko lana?
Bulego iraunkorra bi zatitan banatzen da: front office eta back office. Ni front officean aritzen naiz nire ahizparekin batera, hiru edo lau lagun gaude bertan. Back officean hamar bat pertsona daude, nire aita barne. Guk akreditazioak banatu eta informazioa ematen dugu, eta lasterketaren irteeran zein helmugan egoten gara.

Etxetik jaso duzu Itzulian parte hartzeko grina?
Bai, batez ere aitarengandik. Eibarren betidanik egon da txirrindularitzarako zaletasun handia. Guk agian ez dugu hainbeste ezagutza, baina Itzuliak sortzen duen giroak erakartzen gaitu. Jende asko biltzen da, bai telebistan bai kalean, eta giro hori bizitzea oso berezia da.

Bikiarekin lan egitea berezia izango da.
Bai! Taldean jende gehiago egon arren, familia alboan izateak lasaitasuna ematen du. Front officean jende askorekin egon behar da eta egoera desberdinei erantzun, eta horretan laguntza izatea garrantzitsua da.

Zein da lanaren alderik errazena eta zailena?
Errazena, jendearekin harremanetan egotea. Adibidez, umeek erakusten duten ilusioa ikustea oso polita da.
Zailena, berriz, akreditazioen datuak kudeatzea. Plataforma batean sartzen ditugu datuak, eta akatsen bat eginez gero, zuzentzea zaila izan daiteke. Jende askoren informazioa kudeatzea estresagarria izan daiteke batzuetan.

Eibartarrentzat Itzulia berezia da.
Bai, noski. Industria garaitik eta Eibarko Bizikletatik datorren tradizioa da, eta betidanik egin dira Eibarko eta Arrateko etapak. Herriko zale batzuek sortutako ekimena izan zen, eta gaur arte iritsi da.

Zuretzat, eibartar gisa, zer da antolakuntzan egotea?
Harrotasuna. World Tour mailako lasterketa izanik, mundu osoan ezaguna den ekitaldi bat Eibarren izatea eta herria horrela erakustea oso berezia da.

Zein mezu zabaldu nahiko zenuke?
Herritarrak animatuko nituzke kalera atera eta etapa ikustera. Giroa sortzea oso garrantzitsua da, eta Eibarren bada, are gehiago. Arratera igotzea ere gomendatuko nuke.

Zerbait gehitu nahi duzu?
Nabarmendu nahiko nuke Itzuliaren atzean dagoen lan guztia. Kanpotik lasterketa laburra dirudi, baina eguna goizeko zazpietan hasten dugu muntaketekin, eta gaueko bederatzietan amaitzen da dena jasotzean. Ikusten ez den lan handia dago atzean.