Iratxe Unanue eta Leire Kareaga (Dibujo Eskola): “Londresek bere ‘skylinea’ badauka, guk zergatik ez?”

Iratxe Unanue eta Leire Kareaga (Dibujo Eskola): “Londresek bere ‘skylinea’ badauka, guk zergatik ez?”
2017/06/09 08:22
eta kitto!
Ikasturteari agur esango dio laster Dibujo Eskolak eta urte osoan zehar egindako lanak erakusgai ditu Portaleko bigarren solairuko aretoan ekainaren 16ra arte, egunero, 18:30etatik 20:30etara. Ilustrazioa eta genero narratiboa landu dute aurten eskolan, eta era askotako lanak daude ikusgai. Bitxitasun moduan, eskolako haur, gazte eta helduek Eibarko planoa landu dute elkarlanean ‘skyline’ teknika erabiliz, hau da, hiri bateko egitura osoarekin horizonte artifizial bat sortuz. Datorren urtean eskolan izena eman nahi ezkero, irailaren 7ra arte egongo da horretarako aukera, Pegoran.

 

-Nolako lanak ikusiko ditugu erakusketan?

Ikasturte bakoitzean gai bat lantzen dugu, eta aurten ilustrazioa eta genero narratiboan zentratu gara. Bodegoiak, paisaiak, erretratoak... ikasturte osoan zehar egindako lanak daude ikusgai. Historian murgildu gara, baita ere, erretratoek garrantzia oso handia izan dutelako historian. Zineko historian ikur bihurtu diren irudiak eta komikiak ikusi daitezke, ekintza bat kontatzen dutelako. Hori da genero narratiboa, fotoerreportajea bezala. Urtean zehar kartel lehiaketetan parte hartu eta irabazleak izan diren lanak ere ikusi daitezke. Bestetik, alegiak ere landu ditugu. Ikasleei testu bat eman genien eta eurek testu hori irudikatu behar izan zuten taldeka.

-Nolako teknikak erabili dituzue lan hauek egiteko?

Akuarelak, olioak eta pastelak, gehien bat. Genero narratiboa lantzeko gehiago erabiltzen da akuarela, eta olioa gutxiago.

-Eibarko plano berezia ere landu duzue. Zertan datza?

...eta kitto!-k proposatutako proiektu batetik abiatu zen. Herriko kaleei izena jartzen dien pertsonaien karikaturak egiten hasi ginen iaz ‘Kaleen izena, pertsonaien izana’ izenburuarekin. Euren argazkiak bilatu genituen lehenik eta karikaturak sortu genituen, baina askoren argazkiak ez ziren agertzen, beraz, euren ezaugarriak kontutan hartuta landu genuen euren itxura. Errotulagailuarekin hasi ginen eta aurten egin ditugun gehienak akuarelaz landutakoak dira. Lan guztia beste formatu batean ipintzeko aitzakia da planoa. Normalean, ilustrazioaren ohiko euskarriak aldizkari edo liburuak dira. Hori bageneukan, ...eta kitto!-n publikatu genituelako, baina ‘urban sketcha’ ere landu genuenez, paisaia ilustrazio erara marraztu dugu. Londresek bere ‘skylinea’ badauka, guk zergatik ez? Ego ibaia ardatz hartuta, herriko kale, eraikuntza eta bestelakoak irudikatu ditugu ezker eta eskuin.

-Sanjuanak ate joka ditugu. Nola doa danborradako karrozaren prestaketa?

Aurten Eibarko Txirrindularitza Elkartea omenduko dute, beraz, bizikletak, erroberak eta horrelakoekin apainduko dugu karroza. Aipatutako Eibarko planoari ere keinua egin diogu. Oso karroza eibartarra irtengo da, polita eta alaia.