Iruñerriko atxiloketen aurkako kontzentrazioa egingo dute domekan Eibarren

«Atxilotuak askatu! Faxismoaren normalizazioari ez!» lelopean egingo dute mobilizazioa, 16:30ean, Untzagako harmailetan.
Iruñerriko atxiloketen aurkako kontzentrazioa egingo dute domekan Eibarren
Iruñerrian atxilotutakoak aske utz ditzatela eskatzeko elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Iruñerrian. IDOIA ZABALETA / FOKU - BERRIA
2026/09/24 13:20
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Iruñerrian Guardia Zibilak eta Foruzaingoak atxilotutako zortzi lagunei elkartasuna adierazteko kontzentrazioa egingo dute domekan Eibarren. «Atxilotuak askatu! Faxismoaren normalizazioari ez!» lelopean deitu dute mobilizazioa, eta 16:30ean izango da, Untzagako harmailetan.

Irailaren 22an zortzi lagun atxilotu zituzten Berriozarren, Antsoainen eta Iruñeko Txantrea eta Arrotxapea auzoetan. Atxiloketak uztailaren 19an Berriozarren izandako istiluekin lotuta daude, itxuraz. Egun hartan, Espainia eta Argentina Munduko Futbol Kopako finala jokatzen ari ziren bitartean, liskarra izan zen Berriozarko taberna bateko terrazan. Bertan zegoen militarretako batek Núcleo Nacional taldearen kamiseta zeraman. Guardia Zibilaren arabera, hiru militar zauritu ziren eta, guztira, sei lagun inguru zauritu ziren istiluetan. Egun hartan ez zuten inor atxilotu, baina militarrek salaketa jarri zuten eta ikerketa abiatu zuen Guardia Zibilak.

Foruzaingoaren arabera, operazioak zabalik eta sekretupean jarraitzen du, eta Iruñeko Auzitegia ari da ikerketa eramaten. Hamaika telebistaren arabera, atxilotutako batzuei uztailaren 19ko liskarrean parte hartzea egotzi diete; beste batzuei, berriz, Núcleo Nacional taldeko kideak Berriozarren zeudela jakinaraztea.

Atxiloketen biharamunean, mobilizazioak egin zituzten Antsoainen, Berriozarren eta Txantrean, atxilotutakoak askatzeko eskatzeko. Gedar hedabideak, berriz, irailaren 23an jakinarazi zuen zortzi atxilotutakoetatik lau aske utzi zituztela eta beste lauk atxilo jarraitzen zutela.