Isabel Elorza izango da Eibarko EAJ-PNVren exekutiba berriaren buru

Isabel Elorza izango da Eibarko EAJ-PNVren exekutiba berriaren buru
2021/05/14 06:16
eta kitto!
Aurrerantzean Isabel Elorzak (Eibar, 1970) gidatuko du Eibarko EAJ-PNVren Uri Buru Batzar berria, atzo iluntzean jakitera eman zutenez. Exekutiba jeltzalearen kargu egingo den bigarren emakumea da, eta ardura honi “ilusioz eta gogoz” helduko diola adierazi du. Horren harira, Miren Sojok bere garaian hartutako erabaki “ausarta” ekarri nahi izan du gogora, Alderdiaren buruzagitza hartu zuen lehenengo emakumea izan zelako Eibarren: “Ondorengo belaunaldiei bidea zabaldu eta erakutsi zigun”. Modu berean, Alex Arriolak zuzentzen zuen aurreko taldeari bere esker ona agertu dio, “gazteriaren aldeko apustua sendotzeko eta herritarrengana gerturatzeko egindako lan apartarengatik”.

EAJ-PNVren Uri Batzarrak hautatu duen zuzendaritza hamar kidek osatuko dute eta COVID-19aren eraginez atzeratu behar izan zen barne-prozesuari amaiera eman dio: “Partaidetza mekanismoak asko zaintzen eta errespetatzen dituen alderdi bat gara. Pandemiak prozesu osoa berrikustera behartu gintuen, funtsean osasuna eta barne-demokrazia bateragarri egin ahal izateko”. Aurreko Uri Buru Batzarreko lau kidek beste agintaldi batez jarraituko dute eta horiei beste bost berri gehituko zaizkie, “Eibarko elkarte-ehunari lotutako eta lan-arlo ezberdinetan esperientziadunak diren gizon eta emakumeak”. Elorzaren berbetan, “talde gaztea, gertukoa zein profesionala edukiko dut alboan. Eibar bertatik bertara ezagutzen duten pertsonak dira eta hiriaren egunerokoan inplikatzen direnak”. Bestalde, alderdikide guztiei esker-mezu bat helarazi die jasotako babes zabalagatik, baita gazteen eta emakumeen aldeko apustua berresteagatik, izan ere, “zeresan handia” edukiko dute Uri Buru Batzar berriaren etorkizunari dagokionez, azaldu du Elorzak.

Talde berriak bere helburu nagusiak zehaztu, eta eratzen duten kideen artean ardura organikoak nahiz arlokakoak banatu ditu dagoeneko. Barnera begira, erakundea indartzeko lan egingo dute alderdikide eta alderdizaleentzako dinamikak aurrera eramanez. Horretarako, honako gai hauek jorratuko dituzte: komunikazioa, militanteen motibazioak, formakuntza edo belaunaldi erreleboa (Euzko Gaztedi-EGI gazte-erakundearen bitartez), besteak beste. Kanpora begira, ostera, EAJ-PNVren hiri-proiektua modu hurbilean gizarteratzen ahaleginduko dira, zinegotzi jeltzaleekin batera: “Pandemiaren aurrean, beharrizan sozialak bideratzeko eta ostalaritza laguntzeko soluzio zehatzak mahaigaineratu ditugu. Kalean ibili gara, jendearen eta sektore kaltetuen ondoan eta, diferentziak alde batera lagata, akordioetara heltzeko ere gai izan gara. Hori da gure eredua eta horri eutsiko diogu”. Elorzak esan duenez, hainbat dira EAJ-PNVk heldu nahi dituen erronkak: berrindustrializazioa eta landa ingurunearen sustapena, aparkalekua eta mugikortasuna, herri segurtasuna, larrialdi klimatikoa eta gazteriaren beharrak, besteak beste.

URI BURU BATZARRA (ALDERDIA):

Isabel Elorza: Presidentetza

Iker Laka: Gobernantza - Komunikazioa eta Erakunde Harremanak

Ivan Iriondo: Idazkaritza - Antolakuntza eta Hauteskunde-ekintza

Iker Zeballos: Diruzaintza - Ingurumena eta Mugikortasuna

Ane Abarrategi: Osasuna, Gizarte Berdintasuna eta Aniztasuna

Asier Feijoo: Jaiak, Gazteria eta Kirola

Josu Agirre: Azterlanak, Memoria eta Formakuntza

Laura Martínez: Kultura, Euskara eta Hezkuntza

Lander Abarrategi: Ekonomia eta Landa Sustapena

Fernando Gutiérrez: Hirigintza eta Ogasuna

 

UDAL TALDEA (UDALA):

Josu Mendicute: Bozeramailetza

Mertxe Garate: Taldearen koordinazioa

Alberto de la Hoz

Elena Ibañez 

Jon Pérez

Amaia Albizu