Isekin elkartearen ipuin-solidarioak aurkezteko jaia zapatuan
Isekin diru-irabazi asmo bariko elkartea orain dela urte bi sortu zen eta egoitza nagusia Eibarren, Egigurentarreneko 16an dauka. Elkartearen helburu nagusia diru-premian dauden familiei laguntzea da eta, horiei laguntzeko dirua batzeko, hainbat jarduera eta ekimen antolatzen dituzte.
Elkartea herritarren artean ezagutzera emateko asmoz, zapaturako (hilaren 7rako) egun osorako egitaraua prestatu dute. Goizez (10.00etatik 15.00etara) eta arratsaldez (17.00etatik 21.00etara) Untzagan egongo dira eta, besteak beste dantzak, Ekialdeko borroka-arteen erakustaldiak, ipuin-kontalari saioa, patata tortilla txapelketa eta txosna eskainiko dituzte.
Elkartea bera ezagutzera emateaz gain, biharko ekitaldian "Soñadores de Esperanza" Isekin elkartearen proiektu nagusia aurkeztuko diete herritarrei. Elkarteko ordezkarien berbetan, "gaixotasun larriren bat daukaten ume talde bat osatu dugu, denak diruz gaizki dauden familietakoak eta, eurentzat dirua batzeko, ume bakoitzeko ipuin pertsonalizatu bat eman dugu argitara. Asmoa, liburuen salmentarekin batutako dirua familia horien artean banatzea da".
Jarduerak goizeko 10.00etan hasiko dira, "Soñadores de esperanza" ipuinen salmenta-postuak zabaltzearekin batera. 11.00etan, txapelketan parte hartzeko izena eman dutenen tortillak jasoko dituzte eta 12.00etan txosna zabalduko dute, pintxoak eta edariak saltzeko. Horrekin batera, Happy FM irratiko Borja Rodriguezek elkarteak argitaratutako ipuinak kontatuko ditu. 13.00etan tortilla lehiaketako irabazleei sariak banatuko dizkiete eta, ondoren, 13.30etatik aurrera, Nerea Lodosak zuzentzen duen Ipuruako Dantza Txiki taldeak erakustaldia egingo du. 15.00etan atsedenaldia egingo dute eta 17.00etatik aurrera berriz Untzagan bueltan egongo dira, elkarteari buruzko informazioa zabaltzen eta ipuinak saltzen. 18.00etatik aurrera txosna zabalduko dute eta 19.00etan Montxo Kinak Wu Shu erakustaldia egingo du. Jaia 21.00ak aldera agurtuko dute.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, "gure ipuinetako ume bi gurekin batera egongo dira bihar. Horrez gain, elkarteari laguntza ematen ari den jende guztiari eskerrak eman nahi dizkiegu. Tere Muñoz Martinez, Happy Eibar FM, Borja Rodriguez, Sonia Moral, Nerea Lodosa, Montxo Kina… eta beste hainbat eta hainbat. Izan ere, biharko ekitaldia antolatzen eta ezagutzera ematen laguntzeaz gain, liburuak saltzen laguntzen digutenen zerrenda egunetik egunera luzatzen doa".
Eibarren honako toki hauetan eros daitezke liburu solidarioak, 8 eurotan: Estetika Bukuri-n (Legarre, 7), Estaziño kaleko Outlet eta Homme dendetan eta Ego Gain kaleko Irimo tabernan. Horrez gain, elkarteak interneten duen webgunearen (www.isekin.es) edo Facebook-eko orriaren bitartez eskatzeko aukera ere badago. Informazio gehiagorako elkartearen egoitzara joan daiteke (Egigurentarren, 16), 09.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 18.30etara edo, bestela, 722 33 96 46 telefono zenbakira deitu edo info@isekin.es helbidera idatzi.