“Itoiz”-ekin jarraituta, bost pelikula izango dira ikusgai Coliseoko zine karteldegian
Hasieran ez bazuten ere aurreikusten “Itoiz udako sesioak” asteburu honetan proiektatzerik, film dokumental horretako beste bi proiekzioa izango ditugu oraingoan, zapatuan eta domekan 17:00etan eskainiko direnak. Aurrekoan bezala, bertsio originalean emango dute: gaztelerazko eta euskarazko audioekin, eta azken horretan gaztelerazko azpitituluekin. Aurreko asteburutik jarraituko du baita “Las vidas de Sing Sing” filmak, nahiz eta hori aurreikusita bazegoen ere; film hori 1 Aretoan proiektatuko dute.
Asteburuko karteldegia osatuko duten beste hiru pelikulak honakoak dira: Pat Boonnitipaten “Cómo hacerse millonario antes de que muera la abuela”, Gilles Lelloucheren “Corazones rotos” eta Gints Zilbalodisen “Flow. Un mundo que salvar”. Lehenengo filma Tailandiatik dator eta bertako hizkuntzan eskainiko dute, gaztelerazko azpitituluekin; bere proiekzioak 2 Aretoan egingo dituzte. “Corazones rotos” pelikulak bi ordu eta 40 minutuko iraupena du, eta horrek ordutegi batzuk aldatzea ekarriko du, zapatuko eta domekako lehen saioak 16:30ean hasteko, 17:00etan izan beharrean. Antzokian eta 1 Aretoan hartuko dute tokia proiekzio horiek. Azkenik, asteburu honetako umeentzako pelikula aproposa animaziozko “Flow. Un mundo que salvar” izango da; film horrek ez du dialogorik.