Itsaspeko irudirik ikusgarrienak ekarriko dizkigu Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren Eibarko Tourrak
Azaroan Donostian egin den CIMASUB jaialdi arrakastatsua eta gero,Itsaspeko Zinema Zikloak 27 herri baino gehiago zeharkatuko ditu, eta ibilbide honen lehen geltokia Eibar izango da. Donostiako jaialdiko antolatzaileekin elkarlanean, Eibarko Klub Deportiboko Urpekaritza Batzordearen eskutik egingo diren jarduerei esker, ozeanoaren magia guztia esku-eskura izango dugu.
Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat aurtengo goiburuari jarraituta, astelehenaz geroztik bi argazki erakusketa bisitatu daitezke: Cimasub Argazki Lehiaketara aurkeztutako irudi ikusgarriak Arrate Kultur Elkartearen Topalekuan ikus daitezke, abenduaren 15era arte. Eta Eibarko Klub Deportiboaren lokalean, berriz, Deporreko urpekariek egindako argazkiak egongo dira ikusgai, abenduaren 30era arte.
Horrez gain, CIMASUBen proiekzioak ere eskainiko dituzte: datorren astean, abenduaren 11n, 12an eta 13an izango dira emanaldiak, Coliseo antzokian, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, “opari bat itsaspeko dokumental eta film laburren bidez kontatutako istorio harrigarriez gozatu nahi duten guztientzat”. Hamasei laburmetrai eta hiru dokumental luze emango dituzte guztira, den-denak Donostiako jaialdian saritutakoak. Bestalde, antolatzaileek azpimarratu dutenez, “egun bakoitzean emango diren lanak ez dira errepikatuko, beraz hiru egunetan joan daiteke ikustera, egun bakoitzean lan ezberdinak proiektatuko dira eta”. Egun bakoitzean eskainiko diren lanak zeintzuk diren ikusteko, HEMEN sakatu.
Txikienentzat, berriz, Itsaspeko Txikizikloa eskainiko da: abenduaren 11n, 10:00etan, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako saioa egingo da Coliseon, eta abenduaren 14an, 12:00etan, familientzat pentsatutako saio irekia.