Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloa eguaztenean hasiko da Coliseo antzokian
Cimasub Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Jaialdiaren 49. edizioa hartu du Donostiak azaroan eta, urtero bezala, 25/26 Cimasub Tourra abiatu dute orain, 30 herri baino gehiagotan, “itsaspeko munduaren magia ahalik eta jende gehienarekin partekatzen jarraitzeko”. Eibarko Klub Deportiboaren Urpekaritza batzordearen eskutik, abenduaren 10etik 12ra egingo da Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 24. edizioa Eibarren. Egia zure begien aurrean izenburuari jarraituko dio zikloak: “Cimasub-ek publikoa informatu, sentsibilizatu eta hunkitu nahi du, eta gure itsasoen edertasun ezkutua ez ezik, mehatxuek eragiten dituzten errealitate gogorrak ere erakutsi”, diote antolatzaileek.
Itsaspeko zinemari buruzko hiru saio desberdin eskainiko dira Coliseon abenduaren 10ean, 11n eta 12an, 19:00etatik 21:00etara. Nazioarteko jaialdiko 15 film labur eta bost dokumentalik onenak proiektatuko dituzte, eta sarrera doan da. Horrez gain, Cimasub-era aurkeztutako argazki onenekin erakusketa ikusi daiteke Coliseon (goiko pisuan), abenduaren 12ra arte.
Txikizikloa eta Adinzikloa
Urteroko martxan, Txikiziklo izenekoaren bi saio berezi eskainiko dituzte. Lehena ikastetxeei zuzenduta egingo da, abenduaren 10ean. Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleentzat hainbat film labur proiektatuko dituzte, eta urpekari profesionalek hitzaldia emango diete. Eta bigarrena abenduaren 13an egingo da, 12:00etan Coliseon, eta bereziki familientzat pentsatuta dago. Programa osatzeko, Itsaspeko Adinzikloa antolatu dute, Egogain gerontologia-zentrokoentzat: “Urpeko zinemaz gozatzeko aukera paregabea izango dute, euren ingurunetik irten gabe”, diote.