Itxaropenak karabana itxuria dauka Saharan
Laguntasunaren zati bat "Sahararen aldeko IX. Euskal Karabana: Piztu Itxaropena dalakuarekin batera aillegauko jakue errefuxiaueri. Otsailla aldian urtengo dau karabaniak, Alikanteko portuan ontziratu eta kanpamenduetaraiño aillegatzeko. Karabaniak, itxaropena ez eze, errefuxiatuendako premiña-premiñazkuak diran gauzak be eruango detsez: jatekuak (arroza, pasta, azukria, lekaliak, atuna eta sardiñak olixotan) eta konpresak, bestiak beste. Karabaniak eruango dittuan hórrek guztiak egunotan batzen dihardue Euskal Herriko hainbat lekutan, hillaren amaiera arte martxan egongo dan kanpaiñan.
Jatekuak batzeko kanpaiñia
Eibarren horretan dihardue oin dala urte eta erdi inguru jaixo zan Eibar-Sahara alkartekuak. Bertako kidia dan Marian Irciok esan deskun moduan, "alkartia sortu baiño lehenago be, 2005. urtiaz geroztik janarixa batzen jarduten genduan. Nik kanpamenduetako neska bat euki neban etxian eta orduan ekin netsan Saharara bidaltzeko laguntasuna batziari, hasieran bakarrik ikastolan eta sosiguz-sosiguz, jende gehixago alkartzen juan giñan neurrixan, janarixa batzeko tokixak be ugaritzen juan ziran eta gaur egunian Eibar, Elgoibar eta Ermuko ixa supermerkau guztietan, ikastetxietan eta beste toki batzuetan biltzen dittugu jendiak Saharara bidaltzeko emoten dittuanak. Udalak be laguntzen desku, gauzak jaso eta Bilboraiño eruatiaz arduratzen dira. Baiña alkartia osatuta edozertarako indar haundixagua eukiko genduala pentsau genduan eta horregaittik eratu genduan. Gaur egunian dozena bat lagunek osatzen dogu Eibar-Sahara alkartia".
Herrittarren eskuzabaltasuna
Oin momentuan bizi dogun egoera ekonomikuak holako kanpaiñeri mesederik ez detsala egingo pentsauko dabe askok, baiña aurreko urtietan jasotakua oiñarri modura hartuta, oiñ arte ez dabe holako aldaketa haundirik igerri: "Harrittuta gagoz jendiaren erantzunarekin. Kanpaiña oindiok ez da amaittu, hillaren 31ra arte janarixa eta beste produktuak emoteko aukeria eukiko dau jendiak, baiña oiñ arte batutakua ez da aurreko urtietan batutakua baiño gitxiago. Eta botikak be laguntasun haundixa eskintzen dihardue, oso toki gitxitan eta gaiñera garesti saltzen diran helduendako ojaliak eta kanpamenduetako dispensarixuetan banatzeko medikamenduak emoten".
Hortik aparte, baten batek karabania osatuko daben bigarren eskuko kamioiak erosteko eta permisuak-eta pagatzeko dirua emon nahi badau, Euskadiko Kutxako 3035 0080 94 0800054177 kontu korrontian donaziñua egitteko aukeria daka. Kanpamenduetan itxaropena pizteko orduan laguntza guztia ondo etorriko izango da, duda barik.