Itxura pertsonalaren inguruan jardun zuen atzo Aitziber Badiola adituak ...eta kitto!-n
Dozena bat lagunek hartu zuten parte saioan
2025/04/04
13:13
eta kitto!
Aitziber Badiola irudi-aholkulariak hainbat aholku eta tresna eskaini zituen atzo itxura pertsonalaren inguruan eman zuen ikastaroan. Aldaketa txikien bitartez eta mozorrotuta sentitu gabe gure itxura nola hobetu dezakegun azaldu zien ondarrutarrak ...eta kitto! Euskara Elkarteko saiora hurbildu ziren dozena bat laguni. Nork bere gorputzarekiko errespetutik abiatuta, koloreak itxura pertsonalean duen garrantzia azpimarratzeaz gain, gure gorputza nola onartu eta potentziatu eta estilo propioa nola landu ere azaldu zuen Badiolak.
Oraindik data zehatzik egon ez arren, ikastaroak izan duen arrakasta ikusita datozen asteotan bigarren saio bat antolatuko du ...eta kitto!-k.