ITZIAR YAGUE: “Bessie Smithen kantatzeko modua hain zen pertsonala, besteok egin dezakegun gauza bakarra mirestea dela”

Itziar Yague abeslariak eta Paul San Martin pianistak kontzertua emango dute urtarrilaren 25ean, Coliseon
ITZIAR YAGUE: “Bessie Smithen kantatzeko modua hain zen pertsonala, besteok egin dezakegun gauza bakarra mirestea dela”
2026/01/16 11:49
Ekhi Belar Errasti

Itziar Yague abeslariak eta Paul San Martin pianistak kontzertua emango dute urtarrilaren 25ean, domeka, 19:00etan, Coliseo antzokian. Bessie Smith bluesaren mitoa gogoratzeko ikuskizuna izango da, pianoaren eta ahotsaren bitartez.

Yague eta San Martin 2021ean hasi ziren elkarrekin eta, biak ere Bessie Smithen miresle izanik, artista omentzeko ikuskizuna prestatu zuten, 20ko hamarkadako ikuskizunen eta grabazio originalen espiritua birsortzen duen formatu intimoan. Sarreraren prezioa 10 eurokoa izango da (7 euro ‘Coliseoaren laguna’ txartela dutenentzat).

 

Nola heltzen diozu Eibarren izango duzuen kontzertuari?

Ilusio handia egiten dit lehen aldiz Eibarren eta Coliseo bezalako esparru batean aritzeak, non badakidan artista handi asko eta asko aritu direla. Aurreko urteetan baino askoz ere lasaiago bizi nahi dut 2026. urtea, eskakizun pertsonal eta musikal handikoak izan baitira; kontzertu gutxiago emango ditut, beraz, bakoitza eta bereziki hau, urteko lehena, oso bereziak izango dira.

Nola sortu zen Paul San Martin eta zu elkartzeko ideia?

‘Delicious’ diskoaren harira 2021eko uda pandemikoan egin nituen hiru kontzertuak nirekin jotzeko deitu nion Pauli. 2022. urte osoan zehar elkarrekin biratu genuen eta uda horretan bertan Madrilera etorri zen nire bigarren diskoa grabatzera, ‘Girl like me’, 2023. urtean penintsulako hainbat puntutan aurkeztu genuena. Eta guztiaren erdian, Bessie-ren proiektua atera dugu aurrera, duela urte askotako nire ametsa. Paulengandik talentu, inspirazio eta ikasketa asko aurkitu ditut; eta hori gutxi balitz, adiskidetasun zintzoa dugu. Oso eskertuta sentitzen naiz. Berarekin lan egin duen edonork gauza bera esango dizu: benetako plazerra da lankide izatea.

Zuen oraingo proposamena Bessie Smithi egiten diozuen omenaldian oinarritzen da. Zer izan da zuretzat Bessie eta zer ikasi duzue haren kantatzeko modutik?

Gogoan dut 2018an pentsatu izana: “Dagoeneko Bessie inoiz izan zena baino zaharragoa naiz, eta oraindik ez dut nire musika propioa egin. Bada garaia”. Asko hunkitu naute haren figurak eta kantuek, eta konfiantza eta ausardia eman didate nire proiektua aurrera ateratzeko. Bere kantatzeko modua hain zen pertsonala, beste kantari batzuek egin dezakegun gauza bakarra mirestea dela: bere estiloa imitaezina da.

“Sugar in my bowl. A tribute to Bessie Smith” lanak zuzeneko grabaketaren freskotasuna du. Zergatik erabaki zenuten horrela grabatzea eta zer ekarpen egiten dio horrek musikaren egiazkotasunari?

Paul eta biok ziur gaude musika hau egiteko ez dela nahikoa musika jotzea: espazio askoz sakonago eta intimoago batetik ulertu behar da, eta, gainera, interpretatzean gai bakoitzaren asmoa errespetatu behar da. Naturalena bere garaian sortu zen bezala jotzea eta grabatzea dela uste dugu, apaingarririk eta distrakziorik gabe. Arriskutsuagoa da, noski, baina baita askoz bizigarriagoa ere. Besterik gabe, gehiago gustatzen zaigu horrela.

Nola orekatzen duzue jatorrizko grabazio historikoak errespetatzearen eta aldi berean zuen ahots eta pianoaren izaera pertsonala txertatzearen arteko oreka?

Oso grabazio gutxi aurkituko dituzu, 20ko hamarkadakoak, pianorik jotzen ez dutenak, nahiz eta gero gerraostean ezagun egin ziren beste blues estilo batzuek instrumentu hori bigarren mailan utzi zuten. Guri interesatzen zitzaigun gure diskoak Bessieri omenaldia egitea, baina baita estiloari eta garaiari ere, bioi gustatzen baitzaigu. Artifizio oro ezabatu nahi izan genuen eta mamiarekin geratu, eta uste dut lortu dugula.

Zer prestatu duzue bereziki Eibarko Musika Klubarentzat?

Ikuskizun hau egiten dugunean ez daramagu ordena ezarririk: gaiak gogoaren arabera jotzen ditugu edo publikoak erantzuten duela ikusten dugu. Jakina, musika-estilo hau oso egokia da eszenaratze dinamiko honetarako; horrela, kontzertu bakoitza aurrekoaren guztiz desberdina da. Errepertorioan, duela ehun eta piku urteko abestiak aurkituko dituzte bertaratzen direnek, freskoak eta berriak, hain zuzen ere, interpretatzeko dugun moduagatik, ahalik eta modu natural eta espontaneoenean.

Eibar ez da hiri erraldoia, baina musikarekin eta kulturarekin lotura handia du; zer gustatzen zaie horrelako hiri ertainetako eszenatokiei eta publikoari?

Kontziente naiz zuzeneko musikarako zaletasun handia dagoen lekuetan publikoa zorrotza dela. Oso ondo iruditzen zait, ni ere hala naizelako entzule gisa kontzertu batera joaten naizenean. Hori bai, zenbat eta gehiago eskatu publikoak, orduan eta eskertsuago eta eskuzabalago da gu bezalako artistekin, emanaldi bakoitzean geure burua entregatzen dugunokin. Nire esperientziaren arabera, hobekien pasatzen dugun lekuak eta kontzertuak izan ohi dira.