Itzulia Basque Challenge-ren 6. etapa Eibarren hasi eta amaituko da apirilaren 13an

Gaur goizean aurkeztu dute Itzulia Basque Challenge txirrindularitza probaren 6. etapa Jon Iraola alkateak, Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurraldeko Antolaketarako diputatuak, eta Javier Riaño, Itzulia Basque Challengeko zuzendariak.
Itzulia Basque Challenge-ren 6. etapa Eibarren hasi eta amaituko da apirilaren 13an
2025/04/04 13:19
eta kitto!

Azaldu dutenez, Itzulia Basque Country Itzuliari lotuta hirugarrenez antolatu duten probak mundu osoko zaletuak erakartzen ditu: parte hartzen dutenen %30 atzerritarrak dira, eta gipuzkoarrak %14a baino ez. Diputatuak esan duenez, “zaletuentzat antolatzen den proba honek profesionalek bizi dutena zuzenean bizitzeko aukera ematen die parte-hartzaileei. Gainera, bizikletan doazela, gure ingurunea ezagutu eta paregabeko agertokiak ikusi ahal izango dituzte”. Nabarmendu duenez, kirolaz haratago, bizikletak kalitatezko turismoa praktikatzeko aukera ematen du, ingurumena errespetatuz.
Eibarren hasi eta amaituko den etapa apirilaren 13an izango da, eta parte hartu nahi duten txirrindulari zaletuek bi ibilbide aukeratu ditzakete: World Tour ibilbidea (153,5 kilometro) edo iraupen erdikoa (82,2 kilometro). Izen-ematea zabalik dago Interneten (itzuliabasquechallenge.com).