Itzulia Basque Country ofizialki aurkeztu zuten

2024ko Itzulia Basque Country apirilaren 1etik 6ra arte egingo da Irundik Eibarrera, eta sei etapa izango ditu guztira
Itzulia Basque Country ofizialki aurkeztu zuten
2024/03/25 10:47
eta kitto!

2024ko Itzulia Basque Countryren aurkezpen ofiziala egin zen barixakuan Irungo Ficoban. Itzuliak 100 urte bete ditu lehen edizioa egin zenetik eta 63. edizio honetan, ohikoari jarraituz,nazioarteko tropeleko txirrindulari onenek parte hartuko dute. Itzuliko irabazleen mailloten diseinu berriak ere aurkeztu ziren ekitaldian.  

2024ko Itzulia Basque Country apirilaren 1etik 6ra arte egingo da Irundik Eibarrera, eta sei etapa izango ditu guztira. Lasterketaren 63. edizioak honako udalerri hauek zeharkatuko ditu: Irun, Kanbo, Ezpeleta, Altsasu, Etxarri Aranatz, Legutio, Gasteiz, Amorebieta-Etxano eta Eibar. Bere ibilbidea 833,6 kilometrokoa izango da. Eta, Jonas Vingegaard (Jumbo-Visma) azken edizioko irabazlearekin batera, honako izenek hartuko dute parte: txapeldun olinpikoa den Richard Carapaz (EF Education - Easypost), Mikel Landa eta Remco Evenepoel (Soudal Quick-Step), Primoz Roglic (Bora-Hansgrohe), Nairo Quintana (Movistar Team), David Gaudu (Groupama-FDF), Adam Yates eta Juan Ayuso (UAE Team Emirates), Thomas Pidcock eta Carlos Rodríguez (Ineos Grenadiers), Ion eta Gorka Izagirre (Cofidis),  Peio Bilbao (Bahrain Victorious), David Gaudu (Groupama-FDJ) eta Simon Yates (Team Jayco Alula). 
Gainera, iazko arrakastaren ondoren, Itzulia Basque Challenge martxa zikloturistaren bigarren edizioa ere badator, eta apirilaren 7an egingo da. Parte-hartzaileek World Tour proba baten antzeko esperientzia bizi ahal izango dute berriro. Bi ibilbide egongo dira, eta lehenengoa profesionalek Itzuliko etapa nagusian egingo duten berbera izango da; bigarrena iraupen erdikoa izango da.