Itzulia Eibarren erabakiko da berriz ere

Itzulia Eibarren erabakiko da berriz ere
2024/01/26 17:36
eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute 2024ko Itzulia eta azken etapa Eibarren hasi eta amaituko dela jakinarazi dute. Iaz bezala, hauxe izango da lasterketaren etapa erabakigarriena eta Untzaga inguruan izango du hasiera eta amaiera, 137 kilometro egin eta zazpi mendikate pasa ondoren (Elkorrieta, Azurki, Gorla, Krabelin, Trabakua, Ixua eta Urkaregi).

Aurtengo itzulia Irunen hasiko da, bertan amaituko den etaparekin. Bigarren jardunaldian Irun eta Kanbo arteko bidea egingo dute 160 kilometroko etaparekin. Hirugarrenean, Ezpeletatik Altsasura joango dira (190,90 km; laugarrenean, Etxarri Aranatzetik Legutiora (157,50 km); eta laugarrengoan Gasteiztik Zornotzara (175,90 km).

Itzuliaren antolatzaileek horrela deskribatu dituzte aurtengo edizioko etapak:

Lehen etapa: IRUN / IRUN 10,00 km

Erlojupekoa bueltan da Itzulian; etapa laburra izango da, ez oso gogorra, baina zenbait aldapa izango ditu.  Lehen tartea erabakigarria izango da ondo hasi eta erritmoa hartzeko. Hasi eta berehala galtzada harriko eremu txiki bat dago, % 10eko malda duena. Hor ikusiko dugu nor ari den serioan jokatzen. Zenbait aldiz gora eta behera ibili ondoren, igoera bakarra iritsiko da, 1,7 km-koa % 5,2n; gogor ekin beharko diote. Hortik Olaberria auzo osoa zeharkatu beharko dute, beherantz, udaletxera igotzeko aldapara iritsi arte. Sorpresarik ezean, ez da faboritoen arteko alde handirik espero.

Bigarren etapa: IRUN / KANBO 160,00 km

Lur engainagarria izango duen etapa horretan lasterketa Frantzian sartuko da. Mendate puntuagarri bakarra egongo da, baina etengabe igo eta jaitsi beharreko errepideak izango dira. Zenbait leku estu izango dira, eta tropela posizioa lortzeko borrokatu beharko da. Ihesaldia hasteko etapa izan daiteke.

Hirugarren etapa: EZPELETA / ALTSASU 190,90 km

2024ko edizioaren etaparik luzeena izango da, eta, gainera, sei mendate puntuagarri izango ditu. Ia geldi egotetik Otsondo igotzeari ekin beharko diote; leku aproposa izango da ihesaldi gogor eta anitz batek bidea ireki dezan. Helmugara lasterketaburuan iritsiko den taldea azken bi etapetan definitu daiteke.

Laugarren etapa: ETXARRI ARANATZ / LEGUTIO 157,50 km

25 kilometroko ordeka faltsuarekin eta Opakuako igoerarekin hasiko da; Opakua mendate bikaina izango da ihesaldia finkatzeko. Horren ondoren, basamortua iritsiko da, harik eta helmuga lehen aldiz zeharkatu arte. Urduritasuna zirkuituaren azken zatian hasiko da, hiru igoerarekin; laburrak izango dira, baina oso gogorrak.  Azken kota helmugatik 8 kilometrora baino ez da izango.

Bosgarren etapa: GASTEIZ / AMOREBIETA-ETXANO 175,90 km

Hasiera izango da eguneko une “lasai” bakarra, Zornotza lehen aldiz zapaltzeko jaitsi arte; orotara lau aldiz igaroko da lasterketa bertatik. Hortik aurrera, lasterketa Urkiolara igoko da (lehen kategoria), eta zirkuitu batean sartuko da; zirkuitu horretan bi aldiz igoko da Muniketa, baita puntuagarria izango ez den beste aldapa bat ere. Helmugara iritsi aurretik lasterkariek bi aldiz zeharkatu beharko dute kontrahelmuga, eta beste bi aldiz Zornotza.

Seigarren etapa: EIBAR-EIBAR 137,80 km

2023an bezalaxe, hauxe izango da lasterketa osoko etapa nagusia. Oso etapa exijentea eta selektiboa izango da hasiera-hasieratik, eta sailkapen orokorreko txirrindulariak izango dira eguneko protagonista handiak.

Aurreko edizioetan ikusi den moduan, lasterketa kontrolatu ahal izateko talde ona izatea oso garrantzitsua izango da.