Itzulia-ren etapa nagusia eta Itzulia Basque Challenge World Tour mailako proba zikloturista aurkeztu dituzte

Itzulia-ren etapa nagusia eta Itzulia Basque Challenge World Tour mailako proba zikloturista aurkeztu dituzte
2023/01/13 eta kitto!
Gaur goizean aurkeztu dute Itzulia 2023ko seigarren etapa Eibarko Udalean Jon Iraola alkateak, Ander Curiel Kirol zinegotziak, Julián Eraso OCETAko presidenteak eta Roberto Laiseka Itzulia lasterketako zuzendari teknikoak.
Lasterketako azken etapa apirilaren 8an jokatuko da, eta Eibarren izango ditu bai abiapuntua, bai helmuga. Berritasun gisa, oraingoan etapa ez da Arraten amaituko, herri barruan baino, “eibartarrek bete-betean bizi ahal izateko”.

Guztira 137,8 kilometroko ibilbidea eta 3.600 metro baino gehiagoko desnibela izango du 2023ko edizioko etapa nagusia izango denak: “Orotara 7 mendate puntuagarri izango ditu, horietako hiru lehen kategoriakoak. Hala, lehiakideek berriz ere Azurki, Gorla eta Krabelin mendateak igo beharko dituzte. Azken mendate horretako aldapa nabarmenak kontuan hartuz, gerta daiteke lasterketa bertan erabakitzea, aurreko urteetan gertatu bezala. Eguneko azken-aurreko mendatea Ixua izango da; zenbait urtez Itzulia lasterketako ibilbidean agertu gabe egon ondoren, aurten txirrindulariak hartuko ditu berriz ere”.

profila
Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “ohore handia da Eibar berriz ere Itzulia lasterketako etapa erabakigarrienaren kokaleku izatea. Aurten ez dugu helmugaz Arraten gozatuko, baina hala ere zirraragarria izango da txirrindulariak lasterketa gogorrenetako batean haien burua probatzen ikustea.

Ander Curiel Kirol zinegotziak gehitu duenez, “Eibar Kirolaren Europar Hiria (2023) aukeratu izana azaltzen duen erakusgaietako bat da lasterketa hau. Gure hiria txirrindularitzaren sorterria da eta, horrenbestez, kirol diziplina horretako kategoria goreneko lehiak ekartzearen aldeko apustua egingo dugu beti”.
Julián Eraso OCETAko presidentea oso eskertuta agertu da Udalarekin zein Eibarko herriarekin, txirrindularitzari urteetan emandako laguntzarengatik: “Oso pozik gaude Eibarrek lehen mailako txirrindularitzaren aldeko apustua egiten jarraitzen duelako eta Itzulia 2023 probaren amaiera antolatzeko hartu gaituelako. Eibar oso garrantzitsua izan da eta oraindik bada euskal zein nazioarteko txirrindularitzan, eta mailarik oneneko lasterketak antolatzen eta hona etortzen jarraitu ahal izatea izugarri gustatzen zaigu”.

Itzulia Basque Challenge 
Gaurko ekitaldian aurtengo berritasun nagusia izango dena, Itzulia Basque Challenge 2023 egitasmoa ere aurkeztu dute: Itzuliako lehen proba zikloturista izango da eta Eibarren egingo da, etapa nagusiaren biharamonean, apirilaren 9an. Azaldu dutenez, “lasterketa honek bi ibilbide eskainiko ditu; batetik, World Tour delakoa izango da, eta txirrindulari profesionalek egingo duten etapa nagusiko ibilbide berbera izango du; bestetik, beste ibilbide laburrago bat eskainiko da, ez horren gogorra: iraupen erdiko ibilbidea izango da eta 80,6 kilometroko luzera eta 2.100 metro baino gehiagoko desnibela izango du; lau mendate zeharkatuko ditu, bi mendate lehen kategorikoak, mendate bat bigarren kategoriakoa eta azkena hirugarren kategoriakoa”.
Eibarko Udalak eta Itzuliak modu bateratuan adostu dute proba hau antolatzea, Eibarrek Kirolaren Europar Hiria (2023) aitorpena jaso duela eta.
Itzulia Basque Challenge 2023 egitasmoan parte hartzeko epea zabalik dago eta izen-ematea Itzuliaren webgunean egin daiteke. Bertan aurkituko dituzue probari buruzko azalpen guztiak ere.

ibilbidea