Itzuliak trafiko aldaketa garrantzitsuak eragingo ditu barixaku eta zapatuan

Itzuliak trafiko aldaketa garrantzitsuak eragingo ditu barixaku eta zapatuan
2016/04/05 16:43
eta kitto!
Euskal Herriko Itzulia dela eta, trafikoan aldaketa garrantzitsuak egingo dira Eibarren barixakuan eta batez ere zapatuan: barixakuan Euskal Herriko Itzuliaren 5. etapa Arraten amaituko dela eta, honako toki hauetan ez da aparkatzerik izango: Legarre eta Arrate Bide kaleetan; Ego-Gain; Untzaga plazan, 11. zenbakiaren parean (Pegora aurrean). Arratsaldean ezingo da aparkatu Azitaingo Poligonoan, taldeen autobusak aparkatuko dituztelako. Lasterketa hiru aldiz igaroko da Eibartik. Lehenengo aldiz arratsaldeko ordu bi eta erdiak aldera, Azitainetik sartuko da, eta Untzagan bira eman ondoren, Elgetarantz abiatuko da. Bigarrenean, arratsaldeko laurak eta bost aldera, Azitainen saihesbidea hartuko du, eta Matsarian irten ostean, txirrindulariek Usartzako gaina igoko dute. Hirugarrenean, arratsaldeko bostak laurden gutxitan, Azitainetik sartuko dira eta, herria zeharkatu ostean, helmugarantz, Arraterantz, joango dira. 
Zapatuan azken etapa
Itzuliaren azken etapa Eibarren jokatuko da aurten, zapatuan. 16,5 kilometroko erlojupekoa izango da. Txirrindulariak Urkizu Pasealekutik abiatuko dira, Azitainetik Arrate igoko dute eta, Eibarrera jaitsi ostean, Ziriako Agirre eta Karlos Elgezua kaleetatik saihesbidea hartuko dute. Estaziñotik irten eta Toribio Etxebarriara joango dira, han helmugaratzeko.
Erdigunea eguerdiko hamabietan trafikoarentzat itxiko dute eta, beraz, ordurako automobilak kendu beharko dira. Ondorengo tokietan ere ez da aparkatzerik izango: Urkizu Pasealekuan alde bietan; Karmen kalean, 1. zenbakiaren parean (Fausto tabernaren aurrean); Barakaldo kalea 1-7; Txonta kalea 1-4-6-8 eta 14tik 22ra; Bittor Sarasketa, “Fiat” egon zen tokitik Matsariraino (Poligono guztia barne); Karlos Elgezua, 6. zenbakitik saihesbideraino (igotzen eskumako aldea); Errebal 5 (karga eta deskarga egiteko gunea); Julian Etxeberria 5-7 eta 2-4-6. Horrekin batera, lasterketa jokatzen den bitartean, 13:00etatik 18:00etara, trafikoarentzat itxita egongo diren kaleak honako hauek dira: Abontza-bide, Aldatze, Amaña, Arane, Ardantza, Arikitxaneko zubia, Arragueta, Arrate-bide, Asua-Erreka, Azitain-bide, Barakaldo, Barrena, Barrenengua, Bidebarrieta, Bittor Sarasketa, Blas Etxeberria, Eguzki-begi, Errebal, Estaziño, Fermin Calbetón, Gisastu-bide, Ibargain, Ibarkurutze plaza, Iparragirre, Jardiñeta, Julian Etxeberria, Karlos Elgezua, Karmen, Legarre, Legarre-gain, Matxaria, Mekola, Merkatu, Miraflore, Murrategi, Muzategi, Pagaegi, Paseo de Galicia, Plaza Barria, San Agustin zeharra, San Juan, Saratsuegi, Tiburzio Anitua 1-3, Toribio Etxebarria, Txonta, Urkizu pasealekua, Urtzaile, Wenceslao Orbea, Ziriako Agirre, Zuloaga-tarren. Ordu horietan saihesbidea eta Azitaingo industrialdea ere itxita egongo dira.