Itzuliaren 3. etapan Ezpeletatik Altsasura egingo du Roglic lider duen tropelak
Gaur Lapurditik Nafarroara joko du Itzulia Basque Countryren hirugarren etapak, Ezpeletatik Altsasura egingo duen 191 kilometrotako ibilbidean. Lasterketako etaparik luzeena izango da eta sei mendate igoko dituzte txirrindulariek: 2. mailako Otxondo, Usategieta eta Lizarrusti, eta 3. mailako Uitzi, Zuarrarrate eta Olaberria. Antolatzaileek diotenez, “leku aproposa izan daiteke txirrindulari indartsuek bidea ireki dezaten”.
Atzo Kanbon helmuga zuen bigarren etapan, Paul Lapeira nagusitu zen esprint estu-estuan. Primoz Roglic-ek lider jarraitzen du eta, banakako sailkapen orokorraz gain, mendikoa eta puntutakoa ere lideratzen ditu. Gazte onenaren sailkapenean Juan Ayuso da buru, taldeka Bora-Hansgrohe da nagusi eta, azkenik, Pello Bilbao da gaur egungo euskaldun onena.