Itzuliaren azken etapa bihar hasi (13:30) eta amaituko (17:20) da Eibarren

Helmugara iritsi aurretik, txirrindulariak hirutan pasako dira Eibartik
Itzuliaren azken etapa bihar hasi (13:30) eta amaituko (17:20) da Eibarren
2025/04/11 15:54
eta kitto!

Eibarren hasi eta amaituko den Itzulia Basque Countryaren 64. edizioko azken etapak 153 kilometro eta erdi izango ditu. Bai irteera eta baita helmuga ere Untzaga plazan izango ditu. Ibilbidean zehar zazpi mendate aurkituko ditu tropelak, horietako hiru lehenengo mailakoak. Aurtengo edizioan, izugarri latza den Krabelingo igoera etaparen hasieran egongo da; beraz, urruneko eraso bat gerta liteke. Iazko edizioarekiko aldaketa nabarmenen artean, Trabakuara egingo diren bi igoerak daude; eta Gorlakoa kenduko dute, Karabietakoa gehitzeko Bergarara iritsi aurretik. Betiko lez, oso etapa bizia izango da eta, seguruenik, hor erabakiko da zeinek eramango duen Itzuliaren edizio hau. 

Jakina, etapa hori aurrez aurre bizi ahal izango dugu eibartarrok, OCETAko antolatzaileek Itzuliaren ardura hartu zutenetik urtero izan den bezala. Txirrindulariak 13:30ean abiatuko dira Untzagatik, Elgoibarreratz jotzeko. Lehen mendatea 3. mailako Elkorrieta izango da 11. kilometroan (2,6 km, %6'7ra). Handik Lasturrera joko dute, 1. mailako Azurkiri ekiteko 20. kilometroan (5,1 km, %7'4ra). Hona Elgoibartik bueltan 1. mailako Krabelinen bila joango dira Azitaindik 42. kilometroan (5 kilometro, %9'6ra) eta, behin Izua atzean lagata, 3. mailako Trabakua hasiko dira igotzen 66. kilometroan (3,3 kilometro %7'1era). Bertatik Ermura jaitsi eta gero, Eibartik 2. mailako Karabietako gainaren bila abiatuko dira 81. kilometroan (6,6 kilometro %6'7ra). Ubera eta Mekolaldetik berriro sartuko dira Eibarren, bertatik 1. mailako Izuaren bila joateko 111. kilometroan (4,1 kilometro %9'2ra). Handik bueltan eta, Markina-Xemein atzean lagata, 3. mailako Trabakuari ekingo diote berriro 133. kilometroan. Ermutik Amañara joango dira ondoren, T. Etxebarria kaleko helmugara lehenbailehen iristeko asmotan. 

Aurreikusten duten ordutegiari jarraituz, Eibartik honela pasatuko dira: 13:30ean Untzagatik abiatu, 14:40ean Azitaindik Krabelin bila, 15:35ean Ermutik Karabieta bila, 16:15ean Maltzagatik sartu eta Izua bila eta 17:10ean berriro Ermutik sartu eta, Amañatik, T. Etxebarriako helmugaren bila.