Itzuliaren azken etapak aldaketak eragingo ditu herriko trafikoan
Itzulia Eibarren erabakiko da zapatuan. Gurean hasi eta amaituko da etapa, eta bertan nor baino nor arituko dira munduko txirrindulari onenetako asko. Lehia handirako prestatzeko, ostera, aldaketak egongo dira herriko trafikoan.
Erdialdea, barixakuan (apirilak 5) itxi egingo da ibilgailuentzat, 18:00etan. Zapatuan (hilak 6), txirrindulari-lasterketa 14:00ak aldera abiatuko da Untzaga plazatik eta 3 aldiz pasatuko da Eibartik: lehenengoan, 15:36ak aldera iritsiko da, eta Azitaingo industrialdetik Arraterantz igoko da. Bigarrenean, Bizkaitik Eibarrera iritsiko da eta, Otaola hiribidea eta Barrenengua kaleak zeharkatu ondoren, Amaña auzora iritsi eta errepide nagusitik Izuara abiatuko da: eta, hirugarrenean, Gipuzkoa aldetik Azitainera sartuko dira eta, hirigunea zeharkatu ondoren, Toribio Etxebarria kaleko helmugara helduko da lasterketa 17:20ak aldera. Horrela, 16:30etatik aurrera Bilborako noranzkoan trafikoari eragingo dio lasterketak.
Aldaketak autobus zerbitzuan
Trafikoan aldaketak eragiteaz gain, autobus zerbitzuan ere egongo dira. Horrela, UK05 linean Ermutik 16:40ean eta Azpeititik 17:45ean irteten diren zerbitzuak ez dira Eibartik pasako. Beraz, Eibarko geltoki guztiak ezeztatuta gelditzen dira zerbitzu horietan.
Bihartik aurrera igande arratsaldera arte erdigunea trafikoarentzat itxita egongo denez, Untzagako geltokia taxien ondoan egongo da, eta Bidebarrietako eta Azitaingo geltokiak bertan behera geratuko dira. Gainera, zenbait ibilbidetan atzerapenak egon daitezkeela jakinarazi dute Lurraldebusetik.