Itzuliaren biharko etapa Eibarren izango dela eta, Gure Eskuk errepideak ikurriñaz betetzeko deia egin du

Hiru hitzordu egin dituzte, lehena 12:30ean, San Andres eliza parean.
Itzuliaren biharko etapa Eibarren izango dela eta, Gure Eskuk errepideak ikurriñaz betetzeko deia egin du
2025/04/11 13:13
eta kitto!

Eibarko Gure Eskuk bihar Arrateko bidera ikurriñekin joatera animatu nahi ditu herritar guztiak, Itzuliaren 6. etapa Eibarren hasi eta amaituko dela aprobetxatuz, “gure nazio-izaera eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko”. Itzuliaren ibilbidean dauden beste herri guztietan bezala, Eibarren ere makildun ikurriñak banatuko dituzte, toki eta ordu hauetan: San Andres elizaren atariko plazan, 12:30ean eta 16:00etan; eta Ixuan, 14:00etan. Horrez gain, Herri libre bat dinamikaren materiala ere bertan salgai egongo dela jakinarazi dute. Azaldu dutenez, “erronka handiak bizi ditu Euskal Herriak eta, horiei erantzun ahal izateko, erabaki guztiak bertatik hartzea ezinbestekoa dugu. Herri bat gara eta geure etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi dugu”. Biharko hitzorduen harira, jendea parte hartzera animatu nahi dute: “Dauden hitzorduetan gerturatzea eskertuko genduke mundura erakutsiz herri txiki, irrifartsu eta bihotz haundikoa garela. Mundialak garela. Animatu eta parte hartu!”.


HITZORDUAK

  •  🔈12:30ean San Andres eliza parean, sanblasitoak dauden plazatxoan. Zertarako? Irteera eta kaleak apaintzeko, baita ibilbideko zati batzuk.
  • 🔈Ixuan 14:00etan ikurriñak banatuko ditugu, jendeari eman eta bigarren itzulia bukatzen denean, batzen laguntzeko.
  • 🔈Helmuga, 16:30ean furgoneta egongo den lekuan geldituko gara, ondoren ikurriñekin Toribio Etxebarriara joateko, etapa amaierara.