"Izengabeak" musika lehiaketa eta Izaroren kontzertua antolatu ditu Udalak ekaineko bigarren astebururako
Gure herrian eta Debabarrenean dagoen musika-talentua sustatu eta nabarmentzeko asmoarekin, Izengabeak musika-lehiaketa antolatu du Udalak, eta horren berri eman dute gaur goizean egindako prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak. Alkateak adierazi duenez, proiektu hau PSE-EE eta EH Bildu taldeen arteko 2023ko aurrekontu-akordio baten emaitza da. Sanjuanen atarian, ekainaren 7an eta 8an, egingo da lehiaketa, Untzagan eta, gainera, bigarren egunean (zapatuan), Izaro Mallabiko abeslariak Untzagan kantatuko du.
Azaldutakoari jarraituz, bertan parte hartzeko musika-taldearen %50k gutxienez Debabarrenekoa izan beharko du. Horrez gain, orain arte bi disko baino gehiago kaleratu ez izana ezarri dute baldintza modura. Musika-estiloan erabateko askatasuna dago, "eta horrek aparteko aukera emango die herriko artistei beraien originaltasuna erakusteko".
Parte hartzeko, interesdunek lehiaketaren web-orrian prestatutako atal batean emango dute izena. Bertan, taldearen historia labur bat, argazki adierazgarri bat, rider edo fitxa tekniko bat eta lau kantu aurkeztu beharko dituzte, MP3 formatuan. Abesti horietako bi, gutxienez, konposizio originalak izango dira, eta guztira ez dute 20 minutu baino gehiago iraungo.
Lehiaketak bi fase nagusi izango ditu: hasierako aukeraketa-fasean, izena emandako talde eta bakarlari guztietatik hautaketa bat egingo da; eta lehiaketaren azken fasean, hautatutako finalisten zuzeneko emanaldiak egingo dira. Andoni Zabala Kultura zinegotziaren arabera, "lehiaketak, talentua erakusteko plataforma bat izateaz gain, musikarien eta publikoaren arteko interakzioa eta ideien hartu-emana ere sustatuko du".
Sariak ere erakargarriak izango direla nabarmendu dute: 3.000 euro eta 150 ordu Legarreko grabazio-estudioan, eta 2.000 euro eta 150 ordu Legarreko grabazio-estudioan. gainera, euskarazko kantu onenarentzat 500 euroko saria ere banatuko da.
Lehiaketan izena emateko ondoko inprimakia bete beharko da: https://formularioak.eibar.eus/eu/izengabeak2024