Jai-giroan eta musikarekin hasi dugu Euskaraldia Eibarren

Ariketa sozialaren laugarren edizioari hasiera emateko jaia egin da Untzagan.
2025/05/15 21:53
eta kitto!

Eibarren AKEBAIren eskutik, arratsaldean Euskaraldiaren hasiera-ekitaldia ospatu da Untzagan: egitaraua Latuna Bando txarangarekin hasi da, Toribio Etxebarria kalean, eta handik Untzagaraino kalejiran joan dira eibartar asko, txarangaren musikaren erritmora. Jaiak Untzagan jarraitu du: Eibarko Hamaikako kide batzuk Euskaraldiari hasiera emateko manifestua irakurri eta, jarraian,  Euskaraldiko abestiaren Eibarko bertsioaren zuzeneko emanaldia eskaini du Jon Alonso abeslariak, ODE Taldeko kideen, Eibarko Koro Gaztearen eta plaza bete duten haurren laguntzarekin. Txapa-janzte kolektiboa eta talde-argazkia egin ondoren, Latuna Bandok musikarekin girotu ditu kaleak.