Jaiak eztanda egin zuen Ipuruan SD Eibar-ek Andorrari irabazita

Cubero eta Javi Martinezen golei esker hiru puntuak eskuratu zituen atzo Beñat San Joseren taldeak
Jaiak eztanda egin zuen Ipuruan SD Eibar-ek Andorrari irabazita
2025/09/09 11:46
eta kitto!

Arrate Eguna bikain amaitu zuten eibarzaleek. Egunak lagundu ez bazuen ere, festa bizi izan zen atzo herrian eta Arrateko zelaian lokatz artean ibili ondoren, Ipuruara jo zuten askok SD Eibar eta Andorraren arteko partidua ikustera. Poz-pozik irten ziren zelaitik, etxekoek 2-0 irabazi baitzioten printzerriko taldeari.

Lehen zatia lehiatua izan zen. Baloia ondo mugitzen duen taldea da Andorra, baina Eibarrek oso presio altua egiten du eta gauzak zaildu egin zizkion Ibai Gomezek zuzentzen duen taldeari.

Eibarren bertikaltasunak 52. minutuan eskuratu zuen saria. Cuberok baloia lapurtu, Corpasi pasa eta honek Alkaini laga zion atera jaurtitzeko. Baloia gogor bota zuen 7 zenbakiak eta atezainak ezin izan zuen gorde, Cuberok baloia sareratzeko aprobetxatu zuelarik.

Harrezkero, Eibar zelaian gailendu zen eta bigarren gola iritsi zitekeela zirudien. Eta horrela gertatu zen. Javi Martinezek area ertzean baloia jaso eta bortizki tiro egin ondoren, atezainak ezin izan zuen geratu, gorputz azpitik pasa zelarik.

Hurrengo partidua: Cadiz CF

Garaipen horrekin, lau jardunaldiren ondoren, SD Eibar sailkapenaren 7. postuan da 7 punturekin. Hurrengo partidua Cadiz CF-ren aurka jokatuko du, zapatuan, 16:15ean, Mirandilla Berria zelaian. Gaizka Garitanok zuzentzen du Andaluziako taldea eta Eibarrek baino puntu bat gehiago du.

Cadizek 105 sarrera eman dizkio SD Eibarri eta bakoitzak 20 euro balio ditu. Sarrerak Orsaixan dendan erosi daitezke gaurtik egueneko 10:00ak arte edo socios@sdeibar.com helbidera idatzita. Sarrerak eskuratzeko, datu pertsonalak (izen-abizenak eta NAN zenbakia) eta e-maila eman beharko dira (bertan jasoko direlako sarrerak).