Jaietan antzerkia kalera ateratzen da
Kaleak jendez gainezka egoten dira San Juan jaietan eta festa giro bero horretan antzerkiak ere tokia izaten du. Festak, kulturaz janzten bada, beste zapore bat hartzen duelako. Are zapore dastagarriagoa.
‘Dale Ramon’
‘Trapu zaharra’ konpainiarekin hasiko da antzerki eskaintza, hilaren 23an, 19:00etan. ‘Dale Ramon’ ikuskizuna eskainiko du umorez beteko duen Eibarko Bizikleta plazan. Konpainiak horrela azaltzen du ikuskizuna: “Ortiz Bunkerizatuak enpresak bere 5 izarreko bunkerra promozionatzeko ‘Beldurrak babesten gaitu’ eslogana erabiliz herriz herriko lehiaketa bat antolatu du ‘Arrastaka irabazi’ lelopean. Oraingoan, lehiakidea Ramon Uriarte dugu, eta amaiera arte gogor borrokatuko da irabazle izateko. Baina azkenik ezer ez da dirudiena. Zergatik?”.
‘Mute’
‘Orain Bi’ konpainiak ‘Mute’ ikuskizuna eskainiko du hilaren 24an, 19:00etan, Untzagan. Taldeak antzerkia eta zirkoa uztartzen ditu eta 2022an sortutako ikuskizun arrakastatsua ekarriko digute. Lanak 'Euskadiko ikuskizun onenaren saria’ irabazi zuen.
Ikuskizun honetan mutazioaren kontzeptuarekin jokatzen dute eta, horiek adierazteko, antzerkigintzako eta zirkoko elementuak erabiltzen dituzte. “Mutazioa etengabeko zerbait da. Ez daitezela zomorroak bakarrik mutatu. Muta ditzagun egiturak, bai eta gu, pertsonak ere, aurrera egiten jarraitzeko, urrunago, gorago, iristeko; are eta zailagoa den horretara!”, diote.
‘La petite caravane’
Adrian Conde artista asturiarrak XX. mende hasierako antzokien esentzia ekarriko digu ekainaren 25ean, goiz eta arratsaldez (11:30etik 14:30era eta 18:00etatik 20:00etara), Untzagara, ‘La petite caravane’ proposamenarekin.
Antzoki txiki horretan magia, txotxongiloak, itzalen antzerkia, zuzeneko musika eta bestelakoak gertatzen dira. 25 lagun besterik ez dira sartzen eta ikuskizun bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du.
‘Welcome&Sorry’
Kale-antzerkiarekin amaitzeko, Ganso konpaniak ‘Welcome&Sorry’ ikuskizuna eskainiko du 25ean, 19:00etan, Eibarko Bizikleta plazan. Bertan, antzerkiaren bi maitalek ‘Hamlet’ antzeztuko dute, baina bien artean egin beharko dute antzerkiaren lan guztia, baita teknikariena ere. Nola moldatuko dira? Umorea ez da faltako!