Jaietarako doinuak Eibarko Musika Bandaren eskutik San Juan egunean
Bandak Estaziño kalean hasiko du zapatuko saioa, 12:00etan. Handik Errebalera, Zuloagatarrenera, Calbetonera eta Untzagara joko du kalejirak, Toribio Etxebarria kalean amaitzeko. “Bertan, Dicastillo diana famatua joko dugu Lizarrako Dultzaineroekin”, Andoni Vazquez Eibarko Musika Bandaren zuzendariak azaldu digunez.
Kalejira amaitzerakoan, 12:45 inguruan, kontzertua eskainiko dute Toribio Etxebarria kalean (euria egingo balu, udaletxeko arkupeetan joko lukete). “Iazko ideiari jarraituz, Euskal Herriko herri ezberdinetako jaietako doinuak joko ditugu, bai Eibarkoak, baita kanpokoak ere”, zuzendariaren berbetan.
Vazquezek esan digunez, “Sanjuanak izanik, San Juan ereserkiarekin emango diogu hasiera kontzertuari, gero antzinako Eibarko kantuak joko ditugu (Fulmen, Todo fuego…) eta ondoren beste herri batzuetako jaietako pieza ospetsuak (Debakoa, Tolosako aratosteetakoa, Sanferminetako diana bat). Jai giro alaia eskainiko duen errepertorioa prestatu dugu”, bere iritziz.
Hori kontzertuaren lehen zatiari dagokionez. Izan ere, bigarren zatian Lizarrako Dultzaineroak izango dituzte lagun. “Eurekin diana, pasodoble, vals eta ‘pasacalles’ bana joko dugu. Pentsatzen dut oso saio betea izango dela euren abesti tradizionaletan oinarrituta eta gogo askorekin hartzen dugu kontzertua”, esan digu Bandaren zuzendariak.
Eibarko Musika Bandak musika kalera eramateko ahaleginak egin ditu azken urteotan eta horren erakusle da herriko kaleetan eskaini dituzten kontzertuak. Gainera, oso errepertorio zabala jotzeko gai direla erakutsi dute sarritan, ikuskizunak eskaintzen dituzten bakoitzean tematika bati jarraitzen diotelako (orain jaietakoa izan da, baina beste batzuetan pelikuletako abestiak izan dira, rock taldeen bertsioak ere egin dituzte, eta abar).
Musikaz eta jai giroaz gozatzeko aukera ederra, beraz, San Juan egunaren eguerdian izango duguna.