Jaixak Herrixak Herrixandako, sanjuanetarako prest
Badira aste batzuk Jaixak Herrixak Herrixandakok deituta gazte talde bat barixakuero biltzen hasi zela, azken urteotako bideari jarraituta, San Juan jaien inguruan antolatzen den egitarauari "beste eredu herrikoi, parekide, euskaldun eta partehartzaileari jarraituta" sortutako beste egitarau bat gehitzeko.
Gazteen berbetan, "apirila amaieran hasi ginen astero biltzen, San Juan jaiak ailegatu aurretik dena prest edukitzeko sasoiz ibiltzeko. Bestalde, urteko beste sasoi batzuetan ere batzen gara, batez ere herriko jaien inguruan (Arrateko jaietan, sanandresetan…) beste jarduera batzuk antolatzeko".
Ekainean sartuta gaude eta, aurreikusita zuten moduan, sanjuanetarako kontu gehienak lotuta dituzte eta, gainera, hainbat berritasun sartu dituztela ere aurreratu digute: "Jaiak promozionatzeko eta ezagutzera emateko asmoz bideoa egiten dihardugu. Hortik aparte, hilaren 23an (Gazte Eguna) 500 lagunentzako herri bazkaria antolatu dugu, baina aurten Biziminak elkartekoek prestatuko dute bazkarirako paella eta bertarako txartelak honezkero salgai ipini ditugu Buenos Aires, Depor eta Karrika tabernetan (13 euro). Bigarren aukera bat ere badago: koadrilak dirua batu eta gaurko bilerara ekarrita, tiketak emango diegu hala nahi dutenei. Edozein modutan, gogoratu txartela erosteko eguna hilaren 16a izango dela".
Egitarauaren barruan txalaparta ikastaroa ere antolatu dute.
Baina egitarauari begiratuta sorpresa nagusienetako bat San Juan egunean ailegatuko da: San Juan eguna mozorro eguna berrizendatu dute gazteek eta horretarako aukeratu duten gaia, berriz, zirkoa da. Eta berritasunei errepasoa ematen amaitzeko, janari lehiaketa ere egingo dute.
EGITARAUA
- Ekainak 21, barixakua
19.00etan ekingo diote egitarauari, Untzagatik txosnagunera (Errebalera) triki-poteoa eginda. 20.00ak aldera txosnak zabaldu eta elektrotxarangak jardungo du jendea animatzeko zuzeneko musika eskaintzen. Gauean Skakeitan eta Eutsi taldeek kontzertua emango dute eta ondoren dj-ek jarraituko dute musikarekin (Little Detroit, Beato vs Fari & Txanprax Percussion, Sticky Ritmo Visuals).
- Ekainak 22, zapatua
Herri kirolak. Herrira-ren bazkaria. Arratsaldean txalaparta ikastaroa. Gauean mojito eta sangria jaia (Gaztetxearen eskutik). Kontzertuak: Hake Mate eta Dj Okerreko; Rumaniak & Txalaparta.
- Ekainak 23, domeka. Gazte Eguna.
Dultzaineroei ongi etorria eta triki poteoa. 15.00etan herri bazkaria (Bizimiñak egindako paella) eta ondoren jolasak eta elektrotxaranga. Gauean San Juan sua (Gaztetxearen eskutik) eta kontzertuak: On eta eMePebo5t.
- Ekainak 24, astelehena. Mozorro Eguna: Zirkoa.
Arratsaldean janari lehiaketa eta gauean karaokea. Janari lehiaketan parte hartu nahi duenak aldez aurretik izena eman beharko du, jaixakherrixakherrixandako@gmail.com helbidera idatzita.