Jaixak Herrixak Herrixandakok txosnagunearekin gertatutakoa azaldu du sare sozialen bitartez
Bi hilabete geratzen dira San Juan jaiak ospatzeko eta Jaixak Herrixak Herrixandako plataformak lehen bilera irekia egingo du gaur, 19:00etan, Txaltxa Zelain, jaietarako ekintza prestatzeko. "Zailtasun guztien gañetik, Jaixak Herrixak Herrixandakotik aurtengo San Juanen inguruan lanian gabiz", adierazi dute euren Instagram kontuan Jaixak Herrixak Herrixandako taldetik.
Jaixak Herrixak Herrixandakoren bertsioa
Azken hilabeteotan hainbat gorabehera egon dira Jaixak Herrixak Herrixandakoren eta Eibarko Udalaren artean Sanjuanetako txosnagunearen kokapenaren harira. Horrela, plataforma herrikoiak bideo bat eskegi du bere Instagrameko kontuan euren bertsioa azaltzeko, eta honakoa dio:
“Aurreko urtean, Udalak abisatu zigun txosnagunean obrak egingo zituztela eta horregatik ezingo genukeela txosnarik jarri txosnagunearen goiko aldean, txosnen pisua zela eta. Guretzat oso garrantzitsua da txosna bat edukitzea txosnagunearen goiko aldean, eskaintza kulturala goian egiten delako eta txosnarik ez badago, askotan jenderik egoten ez delako. Horrez gain, txosnagunea tokiz asko murriztuko litzateke eta guk, pisua dela-eta goiko aldean txosnarik jarri ezin izango zela sinestuta, beste proiektu batzuk bilatzen hasi ginen Eibarren txosnak jartzeko.
Udalak aurkeztu digun azken txostenaren arabera, txosnak goian ez jartzearen arrazoi bakarra da montajean eta desmontajean lurra markatu ahal dela eta gero kolore berdina lortzea ezinezkoa dela. Honekin adierazi nahi dugu Udalaren erabakia politikoa dela eta ez teknikoa.
Proposamen ezberdinak egin genituen eta gure azken aukera Ego Gain izan zen. Udalekoek argi utzi ziguten autobusak desbideratzeak ‘jaleo’ edo ‘folloi’ handia suposatzen zuela. Dena dela, beste ekimen batzuetarako erdigunea ixtea zilegi dela erakutsi digute.
Azkenengo hilabetean ultimatuma eman genion Udalari eta, horren aurrean, Udalak eragile batengana jo zuen sekretuan eta demaseko aurrekontua eskaini zion. Horrela, argi utzi dute inporta zaien bakarra txosnagune bat egotea dela eta Jaixak Herrixak Herrixandako alde batera uztea.
Egoera honen aurrean, beraien baldintzak onartzera behartuta ikusi gara. Onartezina da Udalak gurekiko horrelako jarrera edukitzea eta horregatik dana ematera goaz aurten. Aspaldi izandako jai berezienak izango dira, baina horrek ez du esan nahi zoragarri pasatuko ez dugunik. Ditugun baldintzekin eramango dugu aurrera aurtengo egitaraua, aldarrikapenak atzean utzi gabe, eta horretarako zure laguntza behar dugu.
Esan bezala, haserre gaude. Aurten ere txosnagunean Txaltxa Zelain egongo da, bain jai hauek inoiz baino aldarrikatzaileagoak izango dira.
Beraz, ostegun honetan, apirilak 25, Txaltxa Zelain egingo dugun bilera irekira etortzera animatzen zaituztegu.
Gora Jaixak Herrixak Herrixandako!”.
View this post on Instagram