Jardunaldi beltza SD Eibar-en lehen bi taldeentzat

Emakumezkoek Sevillaren aurka galdu zuten etxean eta gizonezkoek partiduko azken jokaldian jaso zuten porrota
Jardunaldi beltza SD Eibar-en lehen bi taldeentzat
2025/09/02 12:36
eta kitto!

Kolpe latza jaso zuen atzo gauean SD Eibarren gizonezkoen lehen taldeak. Beñat San Josek zuzentzen duen taldeak partiduaren azken jokaldian jaso zuen porrotaren gola, gainera Sergi Enrich Eibarko jokalari ohiak sartua, Huescaren aurkako neurketa 2-1 amaitu zelarik.

Aragoiarren lehen gola ere beste aurpegi ezagun batek sartu zuen, iaz Eibarren aritu zen Alvaro Carrillok, pasea iragan armagina izan zuen beste jokalari batek emanda, Oscar Sielvak. Amesgaiztoa atzokoan Eibarren ibili ziren jokalariekin.

Kontrara, une hunkigarri eta ilusionagarria ere bizi izan zuen Eibarrek, Jon Magunazelaia eibartarrak lortu zuelako berdinketaren gola. Harrezkero, San Joseren taldea zelaian nagusitu zen, baina etxera berdinketarekin itzuliko zirela zirudienean, nahasmena sortu zen deskontuko minutuetan. Anaitz Arbillak Sielva atzetik oratu zuen eta epaileak txartel gorria atera zion kapitainari. Horrela, jokalari bat gutxiagorekin, partiduko azken jokaldian, eibartarrek ezin izan zuten Enrichen gola saihestu.

Eibarrek astebete itxaron beharko du aho zapore txarra kentzeko, hurrengo astelehenean jokatuko baitu Andorraren aurka, Ipuruan, 20:30ean. Tartean, taldeak sei entrenamendu egingo ditu Areitioko kirol-hirian, lehen biak jendearentzat irekiak izango direlarik.

 

 

Debuta porrotarekin

Emakumezkoen lehen taldeak domeka eguerdian hasi zuen F Ligako denboraldi berria, baina ezin izan zuen punturik eskuratu Sevillaren aurka. Rosa Marquezek 26. minutuan sartu zuen andaluziarren gola, azken urteetan Eibarren aritu zen Andrea Alvarez guatemaldarraren pasea jaso ondoren, eta Iñaki Goikoetxeak zuzentzen duen taldeak ez zuen jakin markagailuari buelta ematen.

Aldaketa asko egon dira Eibarko taldean, jokalari berri askorekin (Opa Clement Tanzaniako aurrelaria izan da azken fitxaketa) eta entrenatzaile berriarekin, eta oraindik muntatze lanetan ari dira.

Hurrengo partidua Madrid CFF-ren aurka jokatuko dute zapatuan, 18:00etan, Fernando Torres zelaian, eta hiru entrenamendu egingo dituzte hemendik partidura Areition, guztiak ateak itxita.