Jardunaldi berezi batekin ospatuko da Armeria Eskola Elkartearen 75. urteurrena

Martxoaren 27an (barixakua) izango da ekitaldia, 12:00etan hasita.
Jardunaldi berezi batekin ospatuko da Armeria Eskola Elkartearen 75. urteurrena
2026/03/23 12:23
Silbia Hernandez Arrazola

Armeria Eskola Elkarteak 75 urte betetzen dituela eta, hori ospatzeko, jardunaldi berezia antolatu dute martxoaren 27rako (barixakua), 12:00etan Armeria Eskolan. Bertan elkartearen komunitatea osatzen duten enpresa, profesional eta entitateak bilduko dituzte eta jardunaldia Batzar Nagusiarekin hasiko da. Hori amaitu eta, jarraian, 12:00etan hasiko da urteurrenaren ekitaldi nagusia: "Talentuaren Bidaia lelopean, ibilbide sinboliko bat prestatu dugu 75 urte hauetan lortu dugun guztiari balioa emateko eta, aldi berean, etorkizunera begira jartzeko, gurekin dauden enpresa, erakunde eta pertsonekin batera. Ekitaldi hunkigarria eta hurbila izango da, bertaratutakoek aktiboki parte har dezaten diseinatua, eta ez ikusle hutsak, baizik eta Armeria Eskola Elkarteak idazten hasi den kapitulu berriaren protagonistak. Horrela, partekatutako ibilbide hori ospatuko da, eta hamarkada hauetan talentua eta enpresa-lankidetza sustatzen lagundu duten enpresak, erakundeak eta pertsonak aintzatetsiko dira”.
Elkartetik adierazi dutenez, “une berezi hau talentua eta enpresa-lankidetza sustatzeko 75 urte hauetan parte hartu duten pertsona guztiekin partekatu nahiko genuke, baita gurekin egoteko eta gure lana eta etorkizuneko ikuspegia gertutik ezagutzeko interesa duen edozein pertsona edo erakunderekin ere”. Jardunaldian parte hartzeko interesa duenak elkartea@armeriaeskola.eus helbidera idatzita edo 943 20 32 44 telefono zenbakira deituta eman dezake izena.