Jardunaldi gazi-gozoa bizi izan zuten Mek Eibar Eskubaloia taldeko talde nagusiek

Jardunaldi gazi-gozoa bizi izan zuten Mek Eibar Eskubaloia taldeko talde nagusiek
2023/10/30 10:27
eta kitto!
Bi taldeek partidu handiak jokatu zituzten asteburu honetan, ikusita batez ere ze talde zituzten aurkari, kasu bietan ere multzoetako talde indartsuenetakoei egin behar izan zietelako aurre. Ohorezko Zilarrezko Mailan jokatzen duen emakumezkoen lehen taldeak 20na berdintzea lortu zuen Basaurirekin eta, ez hori bakarrik, partiduan zehar aurretik joan baitziren behin baino gehiagotan. Horrela, atsedenaldian eibartarrak bi goleko abantailarekin joan ziren aldageletara, neurri handian Naroa Mochalesek lortutako hiru golei esker. Dena dela, amaieran larriago ibili ziren Andoni Perezen neskak, baina Lucia Gutierrez atezainaren lana ezinbestekoa izan zen emaitzari eusteko.

1. Maila Nazionalean jokatzen duen gizonezkoen lehen taldeak, bestalde, 30-32 galdu zuen Zarautz liderraren aurrean. Kostaldeko taldea mailaz igotzeko faboritoa da, goikotik jaitsi berria ere badelako, eta ondo ikasi zuen armaginek egindako akatsak baliatzeko orduan. Mikel Zuloaga eta Alex Puente izan ziren onenak erasoan, bakoitza zazpi golekin, eta defentsan ere partidu polita egin zuen Fernando Fernandezen taldeak.