Jaurlaritzak atzera bota du Eibarko ospitalaren proiektua
Eusko Jaurlaritzak onartutako aurrekontua ezagutzera eman zuen atzo (martitzena, hilak 12) Iñigo Urkullu lehendakariak: azken 30 urteotako "latzena" den aurrekontuak behera egin du nabarmen, iazko ekitaldikoak baino 1.132 milioi euro gutxiago izango ditu-eta, 9.316 milioi guztira. Murrizketak aurreikusitako proiektu eta inbertsio asko bertan behera lagatzea eragin du eta atzera bota dituztenen artean Eibarko ospitala eraikitzeko proiektua dago. Eibarko agintariek gogo txarrez hartu dute erabakia, Miguel de los Toyos alkateak atzo bertan egindako adierazpenek agerian laga zuten moduan. Berria, gainera, herriko 14 elkartek osatutako plataformak ospitala egitearen premiaz diharduen manifestua jendaurrean aurkeztu zuen egunean bertan ailegatu zen. Idatzian diotenez, "gure populazioa gero eta zaharragoa izanda, adinari lotutako osasun arazoek gora egingo dutela aurreikustekoa da" eta, horren harira, ospitala ezinbestekotzat jotzen dute gaixo horiei arreta egokia herritik irten barik eman ahal izateko.