Javier Agirresarobe film labur onenak saritzeko ekitaldian egongo da gaur
2016/11/12
17:15
eta kitto!
Gaur banatuko dituzte Javier Agirresarobe sariak Coliseo antzokian, 19:30ean eta gaur bertan jakin dugunez, sariei izena ematen dien argazkilari eta zinemagile eibartarra ekitaldian izango da. Asier Errasti Film laburren jaialdira aurkeztutako lanen artean bi daude lehian eibartar onenaren atalean. Batetik, eguaztenean estreinatu zuten Cruz Noguerak zuzendu eta idatzi duen "Consejos para eliminar la caspa" (goiko irudian). Noguerak jaialdi honetan Eibarko lan onenaren saria jaso zuen 2014an, "Colillas" izenburuko lanarekin eta oraingoan ere atal horretan lehiatuko da, Mikel Rodriguezen "Fase R.E.M." beste lan finalistarekin batera. Eguenean estreinatu zen lana ileapaindegi batean girotuta dago eta indarkeria matxistaren gaiari heldu dio egileak. Laburmetraian parte hartzen duten antzezleak eibartarrak dira: Ane Ruiz, Maite Garcia, Maider Albizu, Eguzki Arginzoniz, Maria Rios eta Juanma Cano. Asua Errekako "Marimar" ileapaindegian grabatutako lanean Unai Zorriketa izan da irudi arduraduna eta soinu arduraduna, berriz, Aratz Zarandona eta The Vartools talde eibartarrak bereziki lan horrentzat idatzitako abestia ere badu. Lehiaketako irabazleak zeintzuk diren bihar esango dute, 19:30ean hasiko den sari-banaketan. Aurten lehen aldiz Coliseoan izango da ekitaldia (eta ez Portalean).