Javier Nuñez PP-ko alkategaia aurkeztu dute
Gaur (eguaztena, hilak 22) aurkeztu du PP alderdiak udal hauteskundeetarako alkategaia: Javier Nuñez 42 urteko eibartarrak azken hamasei urteetan alderdi popularraren zerrendaburua izan den Carmen Larrañagaren tokia hartuko du. Alkategaiak zortzi urte eman ditu zinegotzi karguan Soraluzen eta beste horrenbeste Elgoibarren eta erronkari "ilusio handiarekin" ekingo diola azaldu du. Alderdiak Eibarren oin arte egindakoari jarraituko diola aurreratu du, "beti ere herriaren eta eibartarren alde". Zerrendan bigarrena Cristina Baz eibartarra da eta udaletxean hamasei urte eman dituen Carmen Larrañaga ere zerrendan dagoela azaldu dute. Hauteskunde programa editatzeko prest daukate eta javiernuñez.com helbidean edozeinek irakurtzeko moduan ipiniko dute.