Javier Nuñez PP-ko alkategaiak alderdian baja eman eta politika laga du
2019/06/10
08:29
eta kitto!
Birritan Eibarko alkategaia, 24 urtez Gipuzkoako PP alderdiko kidea eta 16 urtez zinegotzi kargua bete duen Javier Nuñezek politikagintza albo batera lagatzea erabaki du, asteburu honetan horren berri emateko komunikabideetara bidali duen idatzian jasotakoaren arabera. Dioenez, hartu duen erabakia “tristea eta mingarria” egiten zaio, “baina batzuetan egoerak berak beste alde batera bideratzen zaitu eta hobe da erronka eta aukera berriak bilatzea”. Aurreko maiatzeko Udal Hauteskundeetan bere burua bigarrenez alkategai modura aurkeztu eta gero eta bigarrenez Udalean ordezkaritzarik lortzen ez zutela ikusita, hausnarketa egin eta alderdian baja eman eta politikagintzatik aldentzea erabaki duela azaldu du.
Gregorio Ordoñezen hilketa eta gero, 1995ean afiliatu zen Nuñez PPra. 1999an Soraluzen alkatetzarako hautagai modura aurkeztu zuen bere burua eta 8 urtez zinegotzia izan zen hango Udalean. 2007an Elgoibarko zerrendetan joan zen eta hango Udalean alderdiko bozeramailea izan zen, 2015ean Eibarko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu zuen arte. Idatziz adierazi duenaren arabera, “urte hauetan guztietan Soraluzen eta Elgoibarren nigan konfidantza izan zuten herritarren bizitza hobetzeko lanean jardun dut eta gauza bera egin dut Eibarren alderdiko koordinatzaile modura eman ditudan urteetan, niretzat, alderdiaren gainetik, nigan sinestu duten herritarrei kale ez egitea egon delako beti. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiet herritar horiei, baita urte hauetan lanean ezagutu ditudan lagun guztiei ere”.