Jeltzaleek Orain Eibar abiatu dute, eibartarrek herria nola ikusten duten zuzenean jasotzeko
2017/10/26
10:38
eta kitto!
Eibarko EAJ-PNV alderdiak eibartarren iritzi eta inpresioak zuzenean jaso nahi ditu eta, asmo horrekin, Orain Eibar izeneko ekimena ipini dute martxan. Aste honetan herriko auzo ezberdinetan egongo dira, kalean, Eibarri buruzko iritzia emateko prest daudenei entzuteko prest. Auzorik auzoko bisitak amaitzean, herritarrek esandako guztiak bildu eta aztertuko dituzte, herritarren pertzepzioa eta jeltzaleek Eibarri buruz duten ikuspegia bat datozen ala ez alderatu eta neurtzeko. Hori eginda, Eibarko EAJ-PNVk gure herrirako lantzen diharduten proiektuak bide egokitik doazen ikusi nahi dute. Diotenez, urte bi eta erdi igaro ondoren gai garrantzitsuen inguruan alderdi sozialistarekin ados ipintzerik ez dutela ikusita, bide berri hau zabaltzea erabaki dute, "etorkizunari ilusioz heldu ahal izateko". Martitzenean Amaña-Legarre inguruan ibili ziren herritarren iritziak jasotzen eta atzo, berriz, gauza bera egin zuten Urki eta Ipurua auzoetan. Gaur Ego-Gainen egongo dira, 18:30etik aurrera eta, ibilbidea ixteko, bihar Saratsuegira (17:00etan ) eta Urkizura (18:30) joango direla aurreratu dute.