Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariari eman diote 2023ko Ikerkuntzako Euskadi saria
Berriako Aitor Garmendia Etxeberria kazetariak landu du artikulua eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Joakin Gorrotxategi hizkuntzalariak (Eibar, Gipuzkoa, 1953) gaur jaso du 2023ko Ikerkuntzako Euskadi saria, Gasteizen. Hizkuntzalaritza Indoeuroparreko katedradun emeritua da EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Epaimahaikideek bere ibilbide akademikoa azpimarratu dute, baita ikertzaile eta irakasle gisa izandako «sendotasuna eta bikaintasuna» zein ikertzaileen prestakuntzan egindako ekarpena ere.
Ekitaldian izan dira Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Juan Ignacio Perez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua. Pradalesek ekitaldian adierazi duenez, hizkuntzak identitate kolektiboa «definitzen eta zehazten» badu ere, batzuetan «mito faltsuak» ere sortzen ditu. Horregatik, Gorrotxategiren lan esparrua, hizkuntzalaritza historikoa, «ezinbestekotzat» jo du: «Hizkuntzaren historia zorrotz aztertzea ezinbestekoa da».
Argazkia: Endika Portillo (FOKU)