Jon Etxabe Azitaingo parrokoa izandakoa hil zen uztailaren 31n

Jon Etxabe Azitaingo parrokoa izandakoa hil zen uztailaren 31n
2023/08/29 12:52
eta kitto!

Ia hilabetea da ...eta kitto! Euskara Elkartearen sorreran ere partaide izan zenak laga gintuela. Altzolan 1933an jaiotako Jon Etxabe apaiz ohi eta ETAko kide izandakoa uztailaren 31n zendu zen. Apaiz sartu zen 1950eko hamarkadaren amaieran eta, Azitaingo abadea zela, ETAko kide batzuei laguntzen hasi eta, jarraian, erakundean sartu zen Txabi Etxebarrieta hil eta gutxira. 1969an Mogrovejon atxilotu zuten eta, ondoren, Burgosko auzian epaitu. 1971n 50 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Zazpi urte igaro zituen giltzapean Zamoran, eta beste bat Lleidako monasterio batean. Orain dela bederatzi urte pasatxo “Zamorako landan” liburua idatzi zuen, espetxean bizi izandakoak kontatzeko. Hori aprobetxatuz, ...eta kitto!-n elkarrizketa eskaini zigun (2014-IV-4an kaleratutako 885. zenbakian). Aurretik, ...eta kitto! elkarteak, sortu eta gutxira, herriko lau euskaltzaleei egindako omenaldian, bera izan zen protagonistetako bat, Kontxa Laspiur, Josu Arkotxa eta Margarita Murgizurekin batera.