Jon Gorrotxategi futbolariak 2030era arte luzatu du kontratua Realarekin
Ez dihardu denboraldi ona izaten Real Sociedad taldearentzat. 8 jardunaldi jokatu ondoren, azken-aurreko postuan dago sailkapenean, 5 punturekin, Mallorca azken sailkatuarekin berdinduta. Sergio Francisco entrenatzailearen postua kolokan dago eta arduraz begiratzen diote etorkizunari.
Dena, ostera, ez da iluna Donostiko taldean. Iaz Mirandesen lan bikaina egin zuen Jon Gorrotxategi Realaren lehen taldean ari da aurten eta, Martin Zubimendi Arsenalera joan denez, postua lortu du Sergio Franciscoren hamaikakoan, azken sei partiduetan titularra izan delarik. Beraz, Realekoentzat berri ona da eibartarraren kontratua 2027an amaitzen zela eta hiru urte gehiagorako luzatu duela, 2030era arte.
Gorrotxategi 2015tik ari da Realean eta gora egin du poliki-poliki. “Zubietan hezi den beste erdilari bikain bat da. Leundu behar den harribitxia, baina dagoeneko distira egiten duena”, Realak dioenez.