Jone de la Calle eibartarra Gu ta Gutarrak saioan

Jone de la Calle eibartarra Gu ta Gutarrak saioan
2015/09/21 00:00
eta kitto!

Aurreko asteko astelehenean, irailaren 14an abiatu zen Euskal Telebistako lehen kanalean 'Gu ta Gutarrak' saioaren laugarren edizioan Jone de la Calle eibartarrak parte hartzen dihardu, beste hamaika lehiakiderekin batera. 21 urteko gazteak administrazioa ikasten dihardu eta, horrekin batera, emakume bat zaintzen du. Argazkietarako modeloa izateko proposamenak izan dituen neska honen zaletasunik handiena motokrosa da, baina animaliak eta argazkilaritza ere asko gustatzen zaizkio.
Julen Telleriak aurkezten duen saioko lehiakideak "ilusioz, esperientzia berri bat bizitzeko eta Euskal Herriko lagun-talderik jatorrena osatzeko asmoz" bildu dira. Hamabi neska-mutilek Orioko Txurruka aterpetxean egingo dituzte asteburuetako egonaldiak eta egonaldi horietako gorabehera guztiak platoan jarraitzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Aterpetxean ez ezik, lehiakideek platoan bertan hainbat erronka gainditu beharko dituzte eta sari garrantzitsuak egongo dira jokoan. Aurrekoetan bezala, denboraldi hasi berrian ere Virgina Maraña eta Olaia Rueda arduratuko dira erronka horiek platora eramateaz. Horiekin batera, Julen Telleriak beste laguntzaile bat izango du: Ihintza Irizar. Saioa astelehenetik eguenera ematen dute ETB1en, 21.00etan hasita.