Jorge Pérez Jauregi eibartarra gaur gauean Plaza Euskadin izango da
Gaur (eguena, hilak 27) 22.15etan hasita, ETB-2an Plaza Euskadi saioaren bigarren emanaldia eskainiko dute eta bertan Jorge Pérez Jauregi eibartarra, 1970ean Burgosko Prozesuaren kontra Eibarren egin zen manifestazioan poliziak tiroz hil zuen Roberto Pérez Jauregiren anaia izango da, terrorismoaren beste biktima batzuekin batera.
Entsegu soziologiko gisara planteatutako dokumental seriea aurreko barixakuan estreinatu zuten, ETAren agerraldiaren biharamonean "Hora 0" izenburuko erreportajearekin eta hurrengo hiru ataletan bakearekin eta elkarbizitzarekin lotutako elkarte, analista eta bestelakoen iritzi eta bizipenak jasoko ditu, kalean hartutako herritarren berbekin batera. Gaurko atalak "Encuentros" izenburua dauka eta terrorismoaren 3 biktimaren testigantzak izango dira Maite Esparzak gidatutako saioaren ardatza: Axun Lasa (Jose Antonio Lasa GALek hildako ETAko kidearen arreba), Amaia Guridi (ETAk 2001ean hildako Santiago Oleaga DV-ko finantza-zuzendariaren alarguna) eta Jorge Pérez Jauregi (1970ean Eibarren poliziak tiroz hil zuen Roberto Pérez Jauregiren anaia) elkarte gastronomiko batean elkartu dituzte eta cous-cousa prestatzen doazen bitartean bakoitzak bere gogoetak azalerazten joango da: berria nola hartu zuten, dolu-prozesua nola bizi izan duten, gertatutakoak eragin dien mina…
Horrekin batera, erreportajean hainbat elkartetako ordezkarien berbak jaso dituzte: Unesco Etxea (Mónica Vázquez eta Mónica Hernando), Gernika Gogoratuz (María Oianguren, Andreas Schafter eta Anna León) eta Bakeola (Gorka Ruíz, Rocío Salazar eta Irantzu Aurrekoetxea).