Jose Antonio Azpilikueta eibartarraren grabatuak ikusgai daude Bilbao Museoko “After Hopper” erakusketan

Jose Ignacio Olabe arte-editorearen dohaintzari esker, Azpilikuetaren lan horiek museoko funtsen parte bihurtu dira.
Jose Antonio Azpilikueta eibartarraren grabatuak ikusgai daude Bilbao Museoko “After Hopper” erakusketan
2026/02/10 11:26
Silbia Hernandez Arrazola

Apirilaren 19ra bitartean Jose Antonio Azpilikueta eibartarraren grabatuak ikus daitezke Bilboko Arte Ederren Museoan, After Hopper izeneko erakusketan. Edward Hopper estatubatuarraren pinturan oinarrituta Azpilikuetak egindako dozena bat estanpa daude ikusgai eta, Jose Ignacio Olabe arte-editorearen dohaintzari esker, Azpilikuetaren lan horiek museoko funtsen parte bihurtu dira. Horiekin batera, Jazinto Olabe margolari eibartarraren biloba den editoreak hirurogeita hemezortzi obra eman dizkio Bilboko Museoari, 2022. urteaz geroztik. Hirurogeita hamar urte betetzen zituela-eta, Olabek hamabi marrazki eskatu zizkion Azpilikuetari, Edward Hopperren margolanak oinarri hartuta, berak idatzi eta editatutako beste horrenbeste kontakizuni laguntzeko. 2024an egindako hamabi grabatu horiekin batera, zirriborroak, hainbat exlibri, Olaberen After Hopper (Gau amerikarra) liburuaren kopiak... ikus daitezke.