Jose Zugastiren ‘Txirrindularia’ obra dago ikusgai Armagintzaren Museoan

Jose Zugastiren ‘Txirrindularia’ obra dago ikusgai Armagintzaren Museoan
2023/12/22 11:41
eta kitto!
Artea, txirrindularitza eta Eibarko industria batu ditu Jose Zugastik ‘Txirrindularia’ obran, eta Armagintzaren Museoan egongo da ikusgai otsailaren 18ra arte. Eskultura Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, Armagintzaren Museoan erakusteko utzi da 10 urtez, eta, horrekin batera, artistak eskulturaren aurretik sortu zuen zirriborroa, Eusko Jaurlaritzak lagatakoa, eta Zugastiren beraren litografiak eta azterketak.

Eibarko artistaren lana giza metafora da eta Peio Ruiz Cabestany txirrindulariaren balentria bat du oinarri. Izan ere, Tourmalet gailurrera lehen postuan igo ondoren, eta taldekideei itxaron eta euren alde lana egin eta gero, lehertu egin zen eta huts-hutsik bizikletatik jaitsi behar izan zen.

Hagaxkak, alanbrea, burdinazko xafla eta bizikleta bateko material birziklatuarekin egindako lan honekin, Zugastik esfortzu baten leherketa-unea eta txirrindulariaren ezegonkortasun- eta hauskortasun-sentsazioa adierazi nahi ditu.