Joseba Etxeberriak kontratua luzatuko du Eibar KE-rekin

El Correok jakinarazi duenez, datozen egunetan emango dute entrenatzaile elgoibartarraren kontratuaren luzapenaren berri
Joseba Etxeberriak kontratua luzatuko du Eibar KE-rekin
2024/03/19 12:45
eta kitto!

Joseba Etxeberria elgoibartarrak Eibar KE-rekin duen kontratua berrituko du, El Correok jakinarazi duenez. Entrenatzailea aurtengo denboraldian iritsi da Eibarrera eta Lehen Mailara igo izanez gero modu automatikoan berrituko luke kontratua, baina akordio berriaren arabera, taldeak Bigarren Mailan jarraitzen badu ere, Etxeberria Eibarren entrenatzailea izango da hurrengo denboraldian.

Eibar KE-ren zuzendaritza pozik dago Etxeberriak egindako lanarekin eta taldeak eskaintzen duen jokoarekin, eta zaletuen onespena ere badu entrenatzaileak. Emaitzek ere lagundu diote elgoibartarrari, denboraldia amaitzeko 11 partiduren faltan taldea laugarren postuan dagoelako, igoera fasea jokatzeko postuetan, liderrarengandik lau puntutara eta bigarren sailkatuarengandik puntu bakarrera.

El Correok adierazi duenez, Etxeberriaren kontratuaren luzapena datozen egunotan iragarriko dute.