Josu Mendicute EAJ-PNVko udal taldeko bozeramaileak dimititu egin du
PSE-EE eta EAJ-PNV alderdiek Eibarren koalizio-gobernua osatzeko akordioaren berri emateko atzo egindako prentsaurrekoan EAJ-PNVren udal taldeko bozeramailea ez egoteak harridura eragin zuen prentsaurrekora joandako kazetarien artean, eta Josu Mendicute bertan ez egoteko arrazoia bere dimisioa ote zen ere galdetu zieten mahaian zeuden ordezkari jeltzaleei, baina hori erantzutea beraiei ez zegokiela, besterik ez zuten esan. Hala ere, Josu Mendicutek dimititu egin duela kaleratu du gaur GARA-k, eta oraindik horren inguruko baieztapen ofizialik ez izan arren, bozeramaile jeltzalearen dimisioaren albistea denon ahotan dago. GARA-ren arabera, atzo ezagutzera eman zuten koalizio-gobernurako akordio horren inguruko desadostasunek eraman dute dimisioa aurkeztera.
2015eko ekainaz geroztik, ia bederatzi urte eta erdi eman ditu Mendicutek Eibarko Udaleko zinegotzi karguan, batzorde ezberdinetan, eta orain arte EAJ-PNVko udal taldeko bozeramailea izan da. Horrez gain, alderdi jeltzalearen Eibarko alkategaia izan da azkenengo bi udal hauteskundeetan, 2019ko ekainean eta 2023ko maiatzean.